Teknologia albisteak

Caret, testu huts eta garbia idazteko funtzionalitate bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-19 : 08:33

Komunikazioa astun eta PDFetan egitearena Euskal Herrian hedatutako izurritea da (hemen Joxe Rojasek salatutako adibide bat). Baina Word formatuan maketatuta ere ez pentsa askoz hobea denik. Testua testu da, eta Word edo PDF inprimatzeko txukunago geratzen da, baina web-argitalpenerako, testu hutsa hobeto. Tira, honi ez dio inork kasurik egingo, baina Sustatun zer egiten dugun azalduko dizuegu, GUZTIA TESTU HUTS ETA GORDINERA PASATU, eta horrekin kargatu gero hona albisteak. Hori egiteko tresna txukun bat gomendatuko dizuegu: Caret.

Testu editore huts on bat aurkitzea ez da erraza. Garai bateko Notepad ezagunak askotan formatua sartzen du, eta Interneterako idazteko, zenbat eta formatu gutxiago, hobeto. Ubuntu ingurunean badaude testu hutsezko editoreak erraz aurkitzekoak, bide batez kodea ere ulertzen dutenak, eta horien parekoa da Caret.

Zera da Caret-en abantaila: Chrome-ren luzapen gisa instalatzen da, eta doakoa da.

Behin instalatuta, lasterbide bat sortzen ahal diozu (adibidez mahaigainetik iristeko bertara), edo bestela Chrome (eta Chromium-en) lastermarken barran agertzen zaizun Apps aukeran ikusiko duzu.

Caret-ekin txt dokumentuak kudeatzen ahal dituzu, eta disko gogorrean gordeko zaizkizu. Testu gordina idazteko, edo Word batek kodean sartzen dituen kakamokordo guztiak kopitsatsiz garbitzeko primerakoa da.

Gogoratu praktika onak: sortu testua testu huts gisa, eta gero hortik garatu bertsioak, HTML weberako, iruditeria behar bada bidali TXT eta jarri dezatela polita PNG edo JPG batean, paper bihurtu edo inprimatu behar bada, bihur dezala maketatzaile batek Word edo PDF... Baina gorde testua testu gisa. Ez zen gehiago behar izan Biblia edo Korana zeruetatik transmititzeko, testu hutsa.

Caret instalatzeko, Chrome-rekin, hemen: https://chrome.google.com/webstore/detail/caret/fljalecfjciodhpcledpamjachpmelml?hl=eu

 

Erantzun

Sartu