Matalaz "Kontrabotere Espazioa" ireki dute Iruñean, alde zaharreko Jarauta kaleko 75ean. Hala iragarri dute Twitterren: "Pandemia luze baten ostean eta auzolan egun asko eta gero, auzoko gazte langile zein auzokideoi Matalaz espazioa aurkezteko garaia heldu zaigu. Komunitatea landu eta hamaika borrokaren lubaki izateko sortua! Jarauta 75, ezagutzera gerturatu!"
Kalekalde, Konpainia, Kaparroso, Maravillas espazioetan egon ondoren, Jarauta kaleko Matalaz talde alternatibo honen bostgarren espazioa izango da sei urtetan.
Agiri batean esan dutenez,
"Maravillasekin hasi genuen desjabetuen historiaren ildotik jarraituz, Matalaz izena jarri diogu espazioari, Bernard Goienetxe apaiz iraultzaile zuberotarraren omenez. XVII. Mendean Frantziako Borboiek Zuberoako herri lurrak nobleen artean banatzeari ekin ziotenean, herritar desjabetuak nobleen aurka altxatu ziren eta apaiza buru zutelarik Mauleko gaztelua hartu zuten. Azkenean militarki garaituak izan baziren ere, Matalaz borroka horren irudi iraun du herri memorian gaurdaino. Aldiberean, Maravillasen Erriberaren kasuan bezala, Euskal Herriaz daukagun ikusmoldean Zuberoa bazterrean ageri den lurraldea da, desjabetuen memorian erdian dagoen arren."
""Matalazen ustezko azken hitzak diotenaren bidetik, egun batez jaikiko gara egiazko langileok_tirano burgesak kanporatzeko, gure amon-aitonen amon-aitonek utzi diguten lurra herriari itzuliz. Hartuko ditugu jauntxoen gazteluak eta markesen jauregiak eta desjabetuoi emango dizkiegu. Egun hori iritsi artean ordea, apaltasunez eta kemenez herri-kontrapoterearen atzeguardia eraikitzen jarraituko dugu. Milesker bidean babesa eman diguzuen guztioi eta ongi etorri parte hartzaile berriei."
Matalez espazioaren leloa da OMNIA SUNT COMMUNIA, latinez "Gauza guztiak dira komunak".
Erantzun
Sartu