Teknologia albisteak

Kalegoi, Xabier Kerexeta etnografoaren bloga

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-03 : 09:08

Xabier Kerexeta Erro etnografo eta historialari irundarra da, eta aurtengo udaberritik blog interesgarri bat ari da elikatzen: Kalegoi. Azken asteetan aztertu dituen gaien artean "Barandianismoa eta Barandiaran" ez direla gauza bera, edo euskal paganismo zahar bat irudikatzen dugunean, 21. mendeko proiekzioak direla horiek, neopaganismo bat, historian sustraitutako ezer baino gehiago.

Kerexetak idatzitako pasarte batzuk, azken asteetako sarreretatik:

(...) Barandiaranek “erru” handia du gaur egungo euskaldun urbano alfabetatuok geure arbaso baserritarrez dugun irudiaz; baina nik gehituko nuke askotan Barandiaranen irakurketak ez ditugula ongi digeritu, idealizatzeko nahiz satanizatzeko.

(...) “Nik XX. mendeko mitologia jaso dut” erantzun zion Barandiaranek euskal mitoak Neolitoraino eraman nahi zituen bati. Alegia, mito haiek XX.eko euskaldunengandik ikasi zituela. Mitoak noizkoak diren? Hori interpretazioa da, espekulazioa, baina ezin deus ziurtatu zientifikoki.

(...) XXI.ean euskaldun alfabetatu urbanook naturaz gaindiko fenomenoetan ez dugu sinesten, baina gainerakoan berdintsu jokatzen dugu: sorginek hegan egiten zutela, hori ez; baina sorginak bazirela, eta sorgin haiek emakume sexualki liberatu naturzale euskal pagano jatorrak zirelako kristauek gorroto zietela, hori bai sinets dezakegu.

Ilustraziorako, Berako hormairudi bat, bere blogean honela azaltzen dena: "Tartalo AHTren aurkako heroi ekologista bihurtuta Beran: gure aitona-amonek antropofago beldurgarri hartaz zuten ikuspegi negatiboa pertzepzio positiboz aldarrikatzen dute batzuek XXI.ean, mitoaren lehengo zentzua iraulita."

Jarraitu Kalegoi.com, blog interesgarria.

 

Erantzun

Sartu