Clive Sinclair ingeniari, asmatzaile eta enpresaburu ingelesa hil zen atzo Londresen, 81 urterekin. Sinclair Research enpresaren sortzailea izan zen, eta etxe horren 1980ko hamarkada hasierako produktu bat, ZX Spectrum ordenagailua, funtsezkoa izan informatika etxeetara iristeko, bereziki gazte eta nerabe askoren eskuetan programazioaren eta informatikaren potentzial sortzailea ikusarazteko eta grina pizteko.
Spectrum hark eragin zion zirrara hori deskribatu zuen duela urte batzuk Igor Leturia informatikari euskaldunak bere blogean: "Nik 1984ko udan ezagutu nuen, 13 urterekin. Familia guztia egon ginen hilabetez Londresen oporretan, hango familia batekin etxe-trukea eginda, eta hangoen lagun batzuen etxean ezagutu nuen Spectrum-a. Jet Set Willy apartarekin jolasteko aukera izan nuen. Maiteminduta geratu nintzen harekin! Handik hilabete batzuetara aitak erosi zigun bat, etorkizuna ordenagailutan zegoela-eta (eskerrik asko, aita!). Harekin hasi nintzen programatzen, eta gaur arte..."
Spectrum-aren zenbait modelo kaleratu ziren, eta oinarrian plastikozko teklatu bat zen, hori zen dena: irudiak ikusteko telebista batera lotu behar zenuen, eta memoria gordetzeko kasete-aparailu batera. Lehen modeloak lanerako 16 Kb-ko RAM memoria urriarekin funtziotzen zuen, baina laster pixkat indartsuagoa zen 48 Kb memoriakoak irten ziren. Gaur egunean, 2021ean, 4 Gb RAM memoria duten telefono bat tipiko samarra da, prozesatzeko gaitasunean milioi bat bider indartsuagoa. Igor Leturiak azalduta" 8 biteko mikroprozesagailua zeukan eta 48K-ko memoria besterik ez, eta gainera horietatik 16K sistema eragilearentzat ziren (Basic editore eta interprete eta guzti!) eta beste 8K memoria grafikoarentzat. (...) Baina memoria horretan eta 8 kolorerekin pantaila ugaritako 3D jokoak ere egiten ziren! Hori bai dela ingeniaritza... Gainera oso joko onak ziren, nik oraindik ordukoen nostalgia dut, oraingo guztiak berdinak iruditzen zaizkit."
Fan dedikatuak sortzeko gaitasun horrekin, Clive Sinclai eta bere enpresaren arrakasta informatikoa berehalakoa izan zen 1980eko hamarkadaren lehen erdian, baina 1985ean enpresa paralelo batekin beste jarduera batean zentratzea erabaki zuen: Sinclair Vehicles, eta horrekin beste produktu aurreratu eta "bisionario" bat sortu zuen, Sinclair C5 hiru gurpileko ibilgailu elektrikoa.
Baina C5-a hutsegite erraldoia izan zen, eta aldi berean ordenagailu pertsonalen merkatua produktu aurreratuagoekin bete zen, eta 1990erako Sinclairren enpresak hiru lagun zituen, bera eta bi langile. 1990eko hamarkadan bizikleta elektrikoak eta tolesgarriak egiten saiatu zen (gaur egunean ohikoak horiek ere), baina horretan ere huts egin zuen.
Sinclairrek ez zuen profil publiko handirik izan 21. mendean: Internet ez zuela gogoko esan zuen, eta ordenagailurik ere ez zuela erabiltzen. Hala ere, tresna hauen garapenak asko zor diote gizon horri.
Erantzun
Sartu