Teknologia albisteak

Telelana ondo: euskaraz, eta urrutiko lanari buruzko akordio batekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-29 : 12:29

Uzeik eta Euskaltzaindiak elkarrekin landutako Telelanaren oinarrizko lexikoa argitaratu du (PDFan) Akademiak. Azkar ibili da Maite Goñi Gaurko Hitzean bideodei anotatzeko. Geuk hori eta beste mordoxka bat aipatuko ditugu artikulu honetan.

Bideodei edo bideokonferentzia terminoak daude glosarioan, funtsean gauza bera definizioak irakurrita, eta horietan jartzen ditugunak dira atzeko plano birtualak, zenbait azpiegiturak (adibidez Jitsi euskaratuak edo Zoom-ek) web-kamerekin (hau ere glosarioan da) egiten uzten digutena. Telebilera bat ere antzeko gauza litzateke (edo kontu bera), eta esan diezaiokegu baita ere bilera telematiko edo bilera birtual. Beste erdi-sinonimo bat: talde-deia. Horiekin egiten duguna da urrutiko lana. Baina ez da dena deia eta berriketa; konexio ziurrak ere behar izaten dira bulegoko dokumentazioa eta materiala kudeatzeko, eta horretarako ohiko teknologia bat dira sare pribatu birtualak (SPB euskaraz, baina VPN ere aipatzen delarik glosarioan). Groupware edo elkarlanerako softwarea ere aipatzen da glosarioan.

Aurreko ahapaldiko hauen antonimoak lirateke aurrez aurrekoak edo gauza presentzialak, hala nola irakaskuntza presentziala edo lan presentziala, edo aurrez aurreko lana. Eta bien tartekoa, bada hibridoa. Esate baterako, aurrez aurreko irakaskuntza eta online irakaskuntza konbinatzen dituena irakaskuntza hibridoa da.

Guztia hain polita ere ez da telelanaren kontuan: adi gero teknoestres edo estres teknologikoarekin. Zaindu lanaldiaren edo lan-ordutegiaren malgutasuna, ziurtatu etxean lanpostu ergonomikoa duzula, kontziliaziorako baldintzak ezarri (lana eta bizitza pertsonala bateragarri egite aldera), deskonexiorako edo deskonektatzeko eskubideari adi, eta hori guztia urrutiko lanari buruzko akordio batek bete dezala, ahal bada, enplegatzailearen eta langilearen artean.

 

Erantzun

Sartu