Duela aste batzuetatik, iPhone smartphone (Euskaltzaindiak onartua) berrienetan, iOS sistema eragilearen eguneraketa bat gertatu da, zeinak baimen zehatzagoak eskatzen dizkion erabiltzaileari aplikazio bakoitzarekin partekatu beharreko datuez (tracking egitea esan ohi dena). Erabiltzaileen erantzuna argia da: 4tik 3 blokeatu egiten dute datu partekatze gogorrena, bereziki Facebook-ena, eta honek enpresa honen publizitate irabazien eredua zalantzan jar dezake.
Ez da aplikazioa instalatzeko behar duzun galdera "erretorikoen" sortan doan zerbait, non egile bakoitzak instalatzekotan eskatzen dizkizun Hau eta Hura egiteko baimena... Hori egin ondoren ere, iOS berriak, datu-jario jakin batzuk, tracking delakoak, blokeatu ditzake: aplikazioa lanean utzi, baina ez aplikazioak zurrupatu nahi dizkizun datuak pasatuz.
Esate baterako, Facebook aplikazioak era honetako jarraipena edo tracking-a egiten dizu:
Baina iOS berrikuntzarekin, galdera zuzena agertzen zaio erabiltzaileari Facebook aplikazioa irekitzerakoan. Hor goian irudian ingelesezko bertsioa (gaztelaniaz eta frantsesez ere bada, ez euskaraz, Applek ez du gure hizkuntza bere sistema eragileetan nahi), eta zehatza eta zuzena da galdera:
"Baimena eman Facebook-i beste enpresa batzuen aplikazio eta webguneetan egindako jardueraren erregistroa gordetzeko (tracking egiteko)".
Utzi ala ez utzi aukeren artean, ezezkoaren alde agertzen ari da erabiltzaileen %75a. Facebook-en eragina izaten ari da hau jada, bertan iragarkiak egiten dituztenek igarri dutelako erabiltzaile potentzialetara iristeko zailtasuna.
Bereziki re-target teknika da zalantzan dagoena. Zuk pamela kapeluak bilatzen ibili zara Amazonen edo beste webgune batean; ez duzu erosi, baina Facebook-ek hori jakin du eta kapelu saltzaileen iragarkiak erakusten dizkizu behin eta berriro. Tracking baimena ukatu Facebook-i, eta re-targeta askoz zailagoa zaie.
Facebook-entzat jendea 'target' edo helburu komertzial gisa sailkatzeko zein funtsezkoa (eta indartsua) den ulertzeko, ikus Sustatun argitaratu genuen hau, iragarki kanpaina batek agerian jarri zituen trikimailuak.
Orain... iPhonea ez dugunok ere nahi genuke halako zerbait Android-etan. Utziko ote du Google handiak (Android sistema eragilea kontrolatzen duenak) saltzaile jakin batek garatzea baimen-kontrol bat Applek egin duena bezalakoa? Apple-ren kasuan etxe berak kontrolatzen du softwarea (iOS) eta hardwarea (iPhone garesti horiek). Ustez askeagoa da Android unibertsoa (euskaraz egotea horren ondorio da hein handi batean), baina Googlek ere trakcing gaitasunetik ateratzen dituenez sosak, eta aldiz hardware negozioan ez duen hainbesteko interesik, interes talka bat ere badago.
iOS berrikuntzaren auziaz informazio gehiago,hemen.
Erantzun
Sartu