"Klima aldaketaren inguruko estrategien artean, erabilera bikoitza edo anitza duten azpiegiturak behar ditugu. Eguzki-plakak zelaietan jarri beharrean, bidegorriak erabili nahi ditugu eguzki-energia xurgatu eta argindarra lortzeko". Aste honetan ireki dute Utrecht ondoan, Herbeheretan, erabilera bikoitza duen eta klima aldaketaren aurkako estrategia eraginkorra izan daitekeena: isurketarik gabeko garraiobideari (bidegorriari), energia-iturri garbiak lortzeko aukera eman diete bidegorrian bertan txertatutako plaka txikien bidez.
Lehenago ere izan da horrelako probaren bat Herbehereetan, baina hauxe da orain arteko tarterik luzeena eta eguzki-energia berrerabiltzeko gaitasuna daukan lehenengoa. Utrechtetik gertu dagoen Maartensdijk herrian kokatutako 330 metro luzeko bidegorria da. Bertako eskola bateko ikasleek eta irakasleek bideratu dute proiektua eta, emaitzak ikusita, badirudi ekimena zabaldu egingo dela datozen hilabeteetan.
Hormigoizko aurrefabrikatuzko blokeek osatzen dute bidea, baina geruza mehe garden batez babestuta daude eta eguzki-energia xurgatzeko eta gordetzeko zelulak ere baditu.
Proiektu pilotuaren helburu nagusia izan da bi erabilera dituen azpiegitura bat sortzea, bi helburuak klima aldaketaren aurkako estrategietan erabat funtsezko direnak. Batetik, garraiobide ekologiko bat sortu da, txirrindulariei zerbitzua emanez eta ibilgailuen trafikoa txikituz. Bestetik, errepideak berak argindarra sortzen du, eguzki energia bezalako energia-iturri garbi bat aprobetxatuz.
Utrechteko probintzia aitzindari da azken urteotan karbono-isuriak murrizteko estrategiak eta neurriak hartzen eta klima aldaketaren aurkako borrokan.
"Oso garrantzitsua da. Karbono-isurketan neutroak izan nahi dugu 2040an, eta horretarako irtenbide berritzaileak behar ditugu", esan du Arne Schadele teknikariak. "Probintzia txikia eta oso betea dugu; ez daukagu ezertarako lekurik. Horregatik, besteak beste, probatu behar ditugu erabilera bikoitzeko azpiegiturak". Proiektuan parte hartu duten eskolako ikasleek ere garbi zeukaten errepide mota honen abantaila nagusietako bat: "nahiago ditut eguzki plakak bideetan, zelaietan baino".
Eguzki-bidegorri berria Europako Batasunak klima aldaketaren aurkako legedi berria zabaldu zuen egunean jarri zen abian, hamarkada honetan berotze globala eragiten duten gasen isuriak% 55 murrizteko konpromisoa hartzen duten neurriekin.
Erantzun
Sartu