Julen Gabiriaren kexua duela egun batzuk, Euskadi Literatura Sarietan bakarrik adierazten direla nor diren irabazle. Zergatik ez finalistak? Nominazio edo aukera guztiak aipatu gabe, eredu bat izan zitekeen Pulitzer Sariek egiten duena; saria ematearekin batera, finalista batzuk izendatu.
Hona Julen Gabiriaren protesta:
Euskadi Literatura Sarietatik ulertzen ez dudan gauza bat (eta, zuzentzen edo horren arrazoia azaltzen ez duten bitartean, barkatzen ez dudana): zergatik ez duten esaten zeintzuk izan diren finalistak, garai batean egiten zen moduan. Kultura Sailak argitaratutako araudiak, baina, ez du gezurrik esaten alde horretatik; izan ere, araudiaren arabera, sariak asmo bikoitza du: "saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea".
Alegia, hitzik ez finalista geratu diren eta, beraz, teorian, nabarmentzeko modukoak izan daitezkeen beste obrei buruz. Erabaki eskasa, nire ustez: logikoa da bakarra saritzea, baina azken fasera iritsi direnek ez al dute aipamen txikienik ere merezi?
Garai batean bai esaten zuten nortzuk ziren finalista (saria eman aurretik gainera), eta pentsatu nahi dut horrek balioko zuela merkatua banatuago egon zedin; are gehiago, saria eman aurretik jakinarazten bazen finalisten zerrenda (Oscarretan-eta egiten den moduan, adibidez)
Aspalditik daukat pike hau, eta urtero berritzen zait. Asteburu honetan, baina, ikusi dut finalista geratu diren bik (Lur Gallestegi eta Zigor Garro) Twitterren eman dutela horren berri, eta gustatu zait: administrazioak egiten ez badu, egin dezatela finalistek.
Laburbilduz, eta irakurle gisa, askoz nahiagoko nukeela jakitea zeintzuk izan diren, epaimahaikideen arabera, urteko 5-6 liburu onenak, eta ez zein onena eta bakarra. Argitaletxeentzat ere hobeto, eta zer esanik ez idazleentzat. Kultur ekosistema osoarentzat, beraz.
Eredua kopiatzeaz gain, ea Euskadi Sariek webgunea edo sareko informazioa ere txukuntzen duten. Hemen Google bidez Euskadi.eus atarian aurki daitekeen orri nabarmenena, eguneratua gabea 2017tik. Konparatu txukun eta apaingarri gehiegirik gabe egindako https://www.pulitzer.org webgunearekin. Eta atal bakoitzean, aipatu bezala, irabazlea nabarmen baina finalistak ere bai, horra adibidez, 2021eko Biografia ataleko sari kategoria.
Erantzun
Sartu