Teknologia albisteak

Euskal LGTBI+ Behatoki berriak Twitcheko homofoboak salatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-04 : 17:27

Ekain amaieran aurkeztu zen Euskal LGTBI+ Behatokia. Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek sustaturiko ekimena da. Euskal Autonomia Erkidegoa delarik Espainiako Estatuan  kolektiboaren eskubideak babesteko LGTBI+ legerik ez duen erkidego bakarra, egiteko hori bere gain hartu du Behatoki berriak.

Sortu eta gutxira izan du Behatokiak zerbait esateko premia... Ezaguna egin da azken egunotan nola Twitch-eko kanal batean, ustez Donostiakoak diren mutil gazte batzuek basakeria hompofobikoak esan dituzten; "zenbat homosexual hil behar" omen diren eta horrelakoak.

Horren aurrean, hona Behatokiaren agiria:

Azken orduotako gertakari larriak aintzat hartuz, Twitter sare sozialaren bidez salatutako erasoak, Twitch-eko kanal batean mehatxu larriak eta [Donostiako] Alderdi Ederreko eraso fisikoa, Euskal LGTBI+ Behatokiak hurrengoa adierazi nahi du: Gorroto-diskurtsotzat besterik hartu ezin daitezkeen gertakari homofobo
hauek guztiz gaitzesten ditugu.

Tamalgarria iruditzen zaigu gure jendartean LGTBIfobia hain nabarmena izatea, baita gure kolektiboaren aurka egitea horren erraza izatea ere. Gizarte gisa egiteke dugun bidearen adibide garbia eta LGTBIfobiak egunerokotasunean dituen hamaika aurpegien erakuslea da. Erasotutako kolektiboak bere gain sentitzen duen presioa ez dute igertzen administrazio ezberdinek, eta enpatia falta hau izan daiteke Euskal Euskal LGTBI+ Lege Integralik ez eta jarduteko protokolo espezifiko zein koordinaturik ez izateko arrazoia. Bitartean, pertsona zaurgarrienek egunero sentitzen dute jarrera hauen zama, delitu gisa ulertu beharrean normalizatu, zabaldu eta partekatu egiten baitira egikari larriok.

Behatoki honen asmoa biktimak bakardadearekin identifikatuak ez sentitzea da; gure gizartea berdintasunaren eta LGBTI+ kolektiboaren diskriminazio ezaren alde lanean jarrai dezatela, beraiengatik eta guztiongatik.

Erakunde arduradunei eskatzen diegu gertakari larri hauei zor premiaz ikerketak zabaltzea. Detekzio, prebentzio eta erreparazio-lanetarako beharrezkoak diren tresnak exijitzen ditugu halaber, kasu hauetarako zein antzekoentzako, berauen jatorrian arreta berezia jarriz. Azkenik, fiskaltzari eskatzen diogu ofizioz jardun dezala, hala badagokio.

Erantzun

Sartu