Luis Mari Zaldua filologo eta euskaltzain urgazlearen lana argitaratu berri da: "Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan". Euskaltzaindiak argitaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta, funtsean, euskalduntze berantiarraren teoriaren kontrako lan bat da.
Gipuzkoaren kasuan, liburuaren aurkezpenean adierazten denez, antzinaroan Gipuzkoan latinaren aurreko hizkuntza indoeuropar (zelta) bat gailentzen zelako hipotesia proposatu izan da, baina Zalduaren ustez horretarako informazioa urri eta zalantzazkoa da, eta bada beste azalpen bat. “Gipuzkoan, gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak gaineko geruza ematen du, ez azpikoa, hau da, itxura batean, badirudi euskaldunok hemen bizi ginela Antzinaroan eta gure hizkuntza (edo haren sustraia) ez zela hona heldu gure aroaren lehen gizaldietan”. Toponimian errotutako arrazoiak erakusten ditu Zalduak liburuan ondorio hori indartzeko.
Funtsean, badirudi euskalduntze berantiarraren tesiaren kontra ari dela Zaldua. Euskaltzaindiak ere nolabait bat egiten du ikuspegi horrekin, webgunean ostegunean argitaratu zen oharrean honela baitio: "Ustekizun edo teoria hori aski ezaguna da, eta badio euskara Antzinaroaren amaieran heldu zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, nondik eta Nafarroatik." Ohar horretakoa da hau ilustratzeko argazkia, non liburua babestu duten erakundeetako agintarien artean (Markel Olano ahaldun nagusia, eta Andres Urrutia euskaltzainburua) ageri den Luis Mari Zaldua.
Euskalduntze berantiarraren alde iritzia eman izan duen irakasle batek, Joseba Abaitua Deustuko Unibertsitatekoak, kritikatu du jada Twitterren Zalduaren liburuaz aurreratu dena. Abaituari ondo ulertu badiogu, itxura indoeuropearra duen toponimia gain-estrato bat bada, bi komunitate egon zirela esan nahi luke horrek, aitzin-euskarazko azpi-estrato bat utzi zuena, eta ondorengo kolonizazio indoeuropar bat. Abaituaren ustez, bi komunitate horien esistentziarako daturik ez du ematen arkeologiak eta, besteik, Gipuzkoako euskarak jatorri nahiko berria erakusten du.
Euskalduntze berantiarraren teorian karga politikoa susmatzen duenik bada. Vasconiako historia bat lana eman izan duenean ETBk (euskalduntze berantiarraren aldeko tesiak irudiz hornitu dituen dokumentala), haserretu izan dira Veleiako sinestun batzuk. Batzuen ustez, defendituz gero Araba-Bizkaia-Gipuzkoan euskara erlatiboki berria dela, aditzera eman daiteke hizkuntza historikoki agertu den bezala, desagertzen bada ere hori ere historikoki naturala izango dela.
Euskaltzaindiaren webgunetik eros daiteke liburua, paperezko formatuan silik.
Erantzun
Sartu