Teknologia albisteak

Facebook-eko mapa berriak, txukun euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-25 : 09:28

Facebook-ek berritu egin ditu mapak erakusteko modua, eta oinarri bezala OpenStreetMap (OSM) plataforma librea aukeratu duenez, horren ondorioetako bat izan da OSM-ko euskarazko termino eta toponimoak agertzen direla mapetan txukun, baldin eta Facebook euskaraz erabiltzen baduzu.

Stamen izeneko konpainiak egin du egokitzapen lana, alderdi estetikoak zainduz, eta Facebook-ek web interfazean zein mugikorretan erakusten dituen mapa adibide mordoarentzako soluzioak diseinatuz. Hemen egin dutenazalpena.

Artikulu horretan ez zegoen hizkuntza bertsioen aipamenik, baina Gari Araolaza CodeSyntax-eko ingeniariak susmatu du seguruenik aprobetxatuko zutela OSM-ren eleaniztasuna. Eta bai, hala da, ez bakarrik hizkuntza handien kasuan baizik eta, suposatzen dugunez, Facebook-eko lokalizazio guztietan. Horien artean euskara dagoenez, mapa berriak ere euskaraz.

Eta bai, hala daude, toponimiaz gain, jaitsi herri bateko kale artera eta kaleen izenak ere euskaraz (baldin eta OSM-n hala badaude). Goian adibide bat, Araolazak Eibarko jatetxe bat bilatuta ireki duen maparena. Oinean ageri den hitzetan irakurriko duzue helbide postalean bajo hitza eta Éibar gaztelerazko azentuarekin ageri direla: hori da geokokapena gauza bat delako (eta horretan, ematen du informazio postala gazteleraz darabilela Facebook-ek), eta bestea maparen marrazketa, orain berritu duten kontua.

Lokalizazioa exonimoetara ere hedatzen da. Palentzia edo Tolosa (Okzitaniakoa) euskaraz agertzen dira Facebook-en orain. Euskaratuta badaukazu, noski.

Era berean, Euskal Herriko parte askotan OSM-n agertzen den toponimia eta kale multzoa euskaraz bakarrik egonda, Facebook erdaraz darabiltenek ere euskarazko toponimia topatuko dute geurean.

Bestalde, Stamen-ekoen artikuluan irakurri dugunez, aprobetxamendua ez da bakarrik OSM > Facebook norabidekoa. Facebook-ek darabilen datu multzo handitik, Daylight Map azpiegiturako datuak ere integratu dira OSM-n. Era berean, jakinarazi da Facebook-ek MapWith ekimenean kolaboratzen ari dela: honen helburua da satelite irudietatik munduko eskualde gutxi kartografiatuetan mapa erabilgarriak lortzea, lurraren erabilpenak, bide eta errepideak, eta giza-asentamenduan mapetan jarriz.

Facebook munstro handi bat da, bai, baina tira, hemen probetxuzko kolaborazio batean ari direla dirudi, eta bide batez, euskaraz ere ikusi dugu emaitza. 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: