Teknologia albisteak

Substack, buletin informatiboak errentagarri bihurtzeko tresna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-29 : 12:41

Azken hilabeteetako Interneteko arrakasta isiletako bat Substack zerbitzuarena izan da. E-posta bidezko boletinak antolatzeko sistema bat da, baina ez Mailchimp edo Campaign Monitor diren bezala, audientzia masibo bat eta klik-ak lortzeko helburuaren inguruan sortua, baizik eta audientzia murritz bati ordainpeko produktu kalitatezko bat iristeko egina. Aldizkari edo buletin pertsonalizatu bat, ohikoan harpidetza ordainduarekin.

Estatu Batuetan, hedabide askoren krisiarekin, kazetari askok buletin berezitu pertsonalizatura jo dute, Substack-eko buletinak sortuz horien bidez ordainpeko irakurleak lortzeko. Pandemiak asko azkartu omen du joera hori.

E-posta eta web bidezko arkitektura bikoitza izan ohi du Substack buletin batek. Sortu daiteke doako buletina, eta bidaltzen ahal diozu beraz buletin oso bat nahi deunari; baina Substack tipikoak aukera desberdinak ditu, normalena zera litzatekeelarik: buletinaren testuan, e-postan, puntu bateraino irakur dezakezu, baina klik batetik harago eduki extra gehiago duzu, ordainpeko harpideduna bazara.

Harpidetza moduak eta ordainketa aukera desberdinak eskaintzen ditu plataformak, eduki-sortzaileari zein erabiltzaileari kudeaketako frikzioa aurrezten zaiolarik. Ohikoan, buletin tipikoak urteko 60/100 dolar arteko harpidetza dauka (nahiz eta epe laburragoetarako harpidetza moduak ohikoak diren). Prezioa idazleak markatzen du, eta Substack-ek %10eko komisioa hartzen du beretzat. Guztira, milaka gutxi batzuk buletinen artean, Substack-ek ordainpeko 250.000 harpidedun zituen irailean.

Arrakasta hori ikusita, Twitter eta Facebook mugitu dira berriki. Twitterrek antzeko zerbitzua eskaintzen duen Revue konpainia erosi du aste honetan. Eta Facebook-ek iragarri du antzeko zerbait eraiki nahi duela, momentuz detaile askorik eman barik.

Hau ote kazetaritza ordainpekoa sustatzeko hurrengo eredua? Horixe uste du Substack-eko buru Chris Best-ek, irakurri elkarrizketa hau

Substack buletinik badago euskaraz? geuk dakigula ez. Gananzia agerkariaren buletina Substack bidez kudeatzen du Jose Antonio del Moral kazetari bizkaitarrak (euskal industria teknologikoaren berri emanez), baina uste dugu ordainpeko modeloa blogean duela ezarria, eta ez buletinean. Interesa eduki dezakeen beste adibide bat, Four Freedoms, ingelesezko izenburuarekin baina edukia gaztelaniaz (gaia AEBetako politika da): Roger Senserrich iritzigile katalan unionistak idazten du AEB-etatik, eta zenbait ordainketa modu ditu, doako aproba bat tarteko.

Erantzun

Sartu