Teknologia albisteak

Paradoxa polita: Parler itxita, baina Parlerreko nazikeria guztiak sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-12 : 12:45

Joan den asteko Kapitolioko kolpe saiakeraren ondorengo sare sozialetako egoera are korapilatsuagoa bihurtu da. Donald Trump presidentearen sareak, ez bakarrik ordu edo egun batzeuetarako, momentuz eperik gabe itxita daudela dirudi. Ultraeskuin amerikarraren pare bat sare ere aipatu genituen artikuluan, eta horietako bat, Parler, itxita dago gainera. Itxita bai... baina bere edukia gordeta eta sarean publikoki banatuta, eskuin-muturraren haserrea paradoxikoki bikoiztuz.

Protestak eta kezkak agertu dira bi kasu horien inguruan. Bereziki, gobernu edo epaile erabakiak izan barik, enpresa pribatuen eskutik etorri diren erabakiak direlako: Trump mututzeko orduan, Twitter, Facebook eta Google, adibidez, dira erabakia hartu dutenak. Parler plataforma isilarazteko, berriz, haren azpiegiturak dira isilarazleak: Googlek eta Apple-k aplikazioen dendetatik kendu dute, eta Amazonek bere zerbitzarien sarea ("laino" delakoa, AWS zerbitzua) ukatu dio eta praktikan airerik gabe geratu da.

Trump Twitter barik geratu izana kritikatu duenetako bat Angela Merkel izan da. Sare sozialek komunikazio politikoan duten garrantzia kontuan harturik, erabaki hauek legegileek kontrolatutako marko batean gertatu beharko liratekeela uste du. Hain zuzen ere, Alemanian, adierazpen filo-naziak egitea oro har debekatua eta oso kontrolatua dago edozein plataformatan.

Parlerren kasuan, Amazonen kontrako kereila jarri dute isilarazteagatik, baina bitxikeria paradoxiko bat ere gertatu da kasu honetan: Putsch trumpista salatu nahi dutenek Parlerreko elkarrizketak, bideoak eta datuak konpilatu eta salbatu egin dituzte, analisi forentserako balio dezan.

Abenduaren 6an bertan, Kapitolioko istiluen egunean, hasi zen @donk_enby erabiltzaile anonimoa eguneko mezu guztiak bot bidez batezen. Milioi bat URL baino gehiago parseatu, eta edukia gorde zuen (bide batez, web azpiegitura gisa Wordpress zerabilen Parlerrek eta itxuraz plugin bateko zuloak permititu ahal izan du hau guztiau). Honetaz informazio gehiago, ParlerWatch Reddit-eko komunitatean: https://www.reddit.com/r/ParlerWatch/

Emaitza 70 terabyte datu omen dira (data dump bat, esan ohi dena), eta zenbait zerbitzariren bidez jarri dute sarean material hori. Tera asko bideoek okupatzen dute, eta testuez gain, metadatu ugari ere gorde da, erabiltzaileen kokapena mezuen unean (adibidez).

Noski, eskuin-muturrekoak doble haserretu dira orain:

a) Parler itxi dietelako

b) Parlerren publikoki esaten zutena publikoa delako oraindik; jazarpen judizialerako pistak ematen.

Horra, mezu ultraeskuindar bat data-dump delakoa kritikatzen. 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago