Teknologia albisteak

Twitter, FB eta IG gabe dago Trump; baina trumpistek Gab eta Parler dauzkate

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-07 : 09:30

Bart Washington-en izandako istiluen ondoren (Kapitolioaren okupazioa), Twitterrek eta Facebook-ek mezuak bidaltzeko ahalmena kendu diote Estatu Batuetako presidenteari, Donald Trump-i. Paradoxikoki, presidente izaten jarraitzen du eta eskura du maletin nuklearra, arma atomikoak jaurtitzeko baimen eta kodeak dituena. Bitartean, sare sozialetan, Gab eta Parler izenekoak nabarmendu dira trumpisten bozgorailu gisa.

Twitterrek goizeko ordubatean erabaki du Donald Trump-en kontua blokeatzea. 12 orduz, hasteko (Euskal Herriko 13.00ak arte, beraz), baina ohartarazi du beraien arauak eteten jarraitzen badu, betiko kenduko diotela.

Ordu eta erdi beranduago (goizaldeko 2.30ak hemen Euskal Herrian), Facebook-eko prentsa bulegoak jakinarazi du 24 orduz isilarazi dutela Trump Facebook-en eta Instagramen.

Trumpen mezu oraingoz desagertuetan, batek Mike Pence presidenteordeari eraso zion atzo arratsaldez, leporatuz ez zuela eduki adorerik Bidenen garaipena (iruzur hutsa omen dena, Trumpen arabera) baieztatzeko prozesua geldiaraztea. Mezu hori (irudi gisa gorago itsatsi dugu) zabaldu eta berehala, Gab sare sozialean Penceren kontrako mezu andana bat piztu zen, Kapitoliora jo eta hura zigortzeko eskariak barne. Handik gutxira sartu ziren trumpistak AEBetako Kongresua eta Senatua biltzen dituen eraikinera, kupula handi bat duen Kapitolio ezagunera.

Gab 2017an sortu zen, eta eskuin-muturreko trumpista bat du buru, Andrew Torba, zeinak atzoko gertaerei "historikoa" iritzi dien. Webgunea du, non mezuen doinua eta ikus daitekeen, baina aplikazio bidez erabiltzen da gehienbat. Mastodon sare sozialaren oso antzekoa da eta, izatez, 2019ko erdialdetik, Mastodon-en software librearen fork edo bertsio batekin funtzionatzen du (baina ez dago Mastodonen fedibertso egituran).

Ikusi dezakezue nondik doan Gab ingelesa badakizue. Interesgarria, bere erradikaltasun gordinagatik, bere albiste sekzioa (agregazio sistemaren batez eratua).

Trumpisten gogokoa den beste sare sozial bat Parler omen da. 2018tik martxan, hau ere eskuin muturreko mezuek betetzen duten. Honen edukirik ez du webguneak erakusten (login egin gabe behintzat), eta esperientzian sartzeko izena eman edo/eta aplikazioa instalatu beharko duzue. Pantaila irudiengatik, itxuraz, Twitter edo Mastodonen oso antzekoa da, dena dela:

Bart izandako istiluen ondoren, sare batean zein bestean, mezu nahasi berber ari da zabaltzen. Hala dio batek Parlerri buruz:

Erdiek esaten dutela Antifa edo ezkerreko protestagileak izan direla asaltoa egin dutenak, eta beste erdiek diote "ei, bertan egon naiz ni!".

Dikotomeia bera ikusi dugu Gab-eko albisteetan. Ikus gure pantaila irudiko lehen albistea eta hirugarrena. Batean kristal apurketa Antifa sektoreei leporatzen zaie, bestean Lin Wood ultraeskuindarrak (hau ere Twitterren isilarazi berria) patriota edo abertzale deitzen die asaltatzaileei.

Oraingoz ez dirudi Trumpek ahots propioa duenik Gab eta Parled delako plataforma hauetan. Baina maletin nuklearra bai, hori eskura du oraindik.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu