Aspaldi zor zigun Euskaltzaindiak, eta iritsi da: Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen euskarazko izenak arautu ditu Euskaltzaindiak, eta bere 192. arauan argitaratu ditu irizpideak, eta errege-erreginen zerrenda. Iruñeko lehen erregearen izen arauzkoan, sorpresa txiki bat: Eneko Arista edo Eneko Enekoitz idatzi beharko genuke, ez Eneko Aritza.
Arauak patronimikoen formen azalpen batzuk ematen ditu, nola erabaki diren forma jakin batzuk: Santxitz, Gartzeitz, Ramiritz... Familia deiturak barik, noren (zein aitaren) seme edo alaba zen bat adierazten zuten patronimiko hauek.
Ondoren, errege-erreginen zerrenda dator, aro eta errege-familien arabera antolatuta. Horietan ere, arauzko forma batzuk aurki ditzakegu. Lehen bi dinastiak Arista eta Ximeno etxeak izan ziren (bigarren honi Semero leinua izena eman izan zaion orain arte Wikipedian). Izengoitia zuten erregeen formak ere agertzen zaizkigu, hala nola Orti Begibakarra edo Antso Nagusia.
Nafarroa Garaia Gaztelak konkistatu zuelarik 1512eko, Albreteko etxeak Nafarroa Beherean jarraitu zuen Nafarroako errege-erreginen monarkiarekin. Hernike III.ak, Joana Albretekoaren semeak, Frantziako koroa hartu zuen 1589an. Bi erresumatako errege izan zen teorian Henrike III.a, baina bere seme Luis II.aren agintean (Frantziako Lusi XIV.a zen hura), 1620ko Paueko Ediktuan, Nafarroako Erresuma Frantziako koroari atxikia geratu zen, harrezkero Nafarroako errefe izendapena Frantziakoen noblezia-titulu gehigarri bat izan zelarik.
Euskaltzaindiaren zerrenda hortxe amaitzen da, Luis II.arekin. Haren ondorengo bi erregeek, Frantziako Luis XV.ak eta Luis XVI.ak izan zuten Nafarroako errege titulua, baina hauen izendapenaren inguruko detailerik ez du ematen erabakiak, Frantziako erregeen zerrenda 186. arauan finkatu zelakoan, eta arau horretan ez zaie III.a eta IV.a deitzen. Nafarroako Errege titulua erabili zuen Luis XVI.ak, baina Iraultza Frantsesaren lehen urteetan, oraindik monarka zelarik, monarkiari izendapena aldatu zion, eta Frantsesen errege bilakatu zen 1791an. Titulu horrek ez zion asko iraun, 1792an kendu baitzuten kargutik, eta burua moztu gillotinan 1793an.
Izen-zerrenda berriak aldaketak ekarrikon ditu hainbat tokitan beharbada... Euskarazko Wikipedian hasi dira antolatzen.
Irudia: Eneko Aristari (eskuineko zalduna) bere gurutzea (zeruan) agertu zitzaionekoa. Aragoiko errege-erreginen panteoiko karezko erliebea, 18. mendekoa, San Juan de la Peñako monastegia, Aragoi.
Erantzun
Sartu