Teknologia albisteak

Ikastetxeetako positiboak: kontaktuen irizpideak aldatu, estatistikak hobetzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-10-26 : 16:48

Aitor Sarriegi informatikari eta bertsolaria langilea dugu ikastetxe batean eta salaketa egin du gaur, Twitterreko hari batean, nola EAEko agintariak ikasleen Covid-19 kasu positiboak tratatzeko irizpideak aldatuz doazen. Aldatu eta nola: egoera okertu ahala, zuhurtziari bide eman beharrean, kontaktuen definizio gero eta lausoagoetara, ez daitezen estatistikak okertu edo.

Ikasturte hasieran ikasgelan kasu positiboa izanez gero gela osoa hartzen zen kontaktu zuzen bezala, baita irakasleak ere. Horren harira nahikoa zen positibo bat gela osoa konfinatzeko (gehi irakaslea), eta DBHtik aurrera (hautazko gehiagorekin, mugimenduak izaten baitziren gelaz ghela) baita ikasle eta irakasle gehiago ere.

Urrian, irizpidea aldatu zen. Positiboaren kontaktu zuzentzat hartzeko, ikaslearen 1.5 metroko erradioan egondakoak ziren kontaktu zuzenak. Honekin gela itxiak ebitatzen direla nabarmentzen du Sarriegik, estatistikak hobetzeko metodoa nolabait. Sarriegiren ikastetxean, bide batez, ikasle bakoitzaren kokapenarekin eskemak eta zerrendak egin zituzten, sistema honen araberako datuak eman ahal izateko.

Bigarren aldaketa ere etorri da urri honetan. Kontaktu zuzena izateko, ez bakarrik 1.5 metroko erradioa, horren barnean maskararik gabe edo maskararen erabilera okerra eginez egon behar da. Kontaktu zuzenen zerrenda are murriztu da horrela, "gainera nor bai eta nor ez interpretazioaren arabera uzten du, zerrenda osatzean zalantzak eta zailtasunak ugarituz."

Ikastetxe kontzertatu batean egiten du lan Sarriegik, baina irizpideak EAEko Lehen eta Bigarren Hezkuntza osorakoak dira.

Erantzun

Sartu