Teknologia albisteak

Ukrainako bahiketa baterako motibo izan den Earthlings filma euskaraz dago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-07-26 : 11:58

Joan den asteburuan gertaera bitxia gertatu zen Ukrainan: Gizon batek 13 pertsona bahitu zituen autobus batean. Ondo amaitu zen, baina larria izan zitekeen... Bahiketa amaitzeko gakoa izan zen bahitzaileak Ukrainako presidenteari egindako eskaera bat betetzea: publikoki gomendatu zezala Earthlings film dokumentala. Eta halaxe egin zuen presidenteak. Earthlings animalien kontrako krudelkeria salatzen duen dokumentala da, eta euskaratua dago.

 

Earthlings (2005) Joaquin Phoenix aktoreak ekoiztu zuen, eta munduko mugimendu animalista edo anti-espezista askorentzat dokumental inportantea da. Itzulita, Lurtarrak edo Lurreko izakiak dira Earthlings-ak, eta filmak erakusten du nola erabili eta esplotatzen ditugun animaliak, ez bakarrik esperimentatzeko edo janari produkziorako, baita denborapasarako edo maskotak izateko ere. Irudi gogorrak ditu. Narratzailea Joaquin Phoenix bera da.

Euskarazko azpidatzien bertsioa Askekintza mugimendu anti-espezistak sortu zuen. Eta hemen ikus daiteke osorik, Youtuben.

Beste film bat ere euskaratua du Askekintzak: The Herd. Kasu honetan fikziozko laburmetraia da, paralelismoa ezartzen duena emakumeen zapalkuntzarem eta ganaduaren esplotazioaren artean.

Ukrainako gertakariari dagokionez. Bahitzailea mugimendu animalistaren bati lotua egongo zela pentsa liteke, berre erreibindikazioa ikusita. Dena dela, ez dago argi bere osasun mentala nolakoa izango zen, baina bai armaturik zegoela, eta zauriturik izan ez zen arren, egin zituen tiroak eta granada jaurtiketaren bat ere bai. Bere eskaera izan zen Ukrainiako presidente Volodimir Zelenskirekin hitz egitea, eta honek onartu zuen, baita elkarrizketan eskatu ziona ere: Earthlings gomendatu zezala publikoki.

Zelenskik Facebook-eko mezu batekin egin zuen hori, oso laburki: "Earthlings, 2005eko filma; denek ikusi beharko zenukete". Mezua sarean ikusirik, bahitzailea errenditu egin zen, indarkeriarik gabe atxilotu zuten, eta onik atera zituzten bahituak autobusetik. Jarraian, berehala ezabatu zuen Facebook-eko mezua Zelenskik.

Earthlings filmeko zuzendari Shaun Monsonek salatu egin du gertaturikoa. "Animalien kontra egiten dugun terrorea salatzeko ez dugu gizakien kontrako terrorerik bultzatu behar." Bere hitzetan, filmaren mezua errukizkoa da, izaki guztientzat.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu