Tolosako euskararen kale-erabileraren neurketa jakinarazi du Galtzaundi euskara elkarteak, eta neurketak egiten direneik izandako altuena da. Azken 34 urte urtetan erabilerak 20 puntu egin ditu gora eta 2019ko datua 1985tik erregistratutako altuena da; lehen aldiz gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara emaitzetan. Azterketa zehatz horietatik gaindi, mende oso bateko erregistro onena dela pentsatzeko motiboa dute bertakoek, eta horregatik esan dute "ehun urtean lehen aldiz, gaztelera baino euskara gehiago entzuten da Tolosako kaleetan".
Kale neurketa ez da Koronabirusaren garai honetan egin, noski, iazko datuen bilketa da orain prozesatu dutena. Ondorio nagusiak azaldu ditu Galtzaundik txosten batean:
Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 34 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2019an, berriz, %49,1ekoa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta lehen aldiz, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren (%48,5) gainetik erregistratu da. Tolosan, 1981etik 2016ra, euskaldunak biztanleen %51 izatetik % 71ra pasa dira. Justu tolosarren ezagutzan egindako 20 puntuko igoera hori da 1985etik 2019ra kale-erabileran neurketen arteko aldea.
Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%80). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%36). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %57ra igotzen duela erabilera.
Baina 35 urtetako azterketa zehatzek baino gehiago adierazten dute datuek, eta horregatik ausartu dira herriko euskaltzaleak esatera "ehun urteko" datu onena dela.
Galtzaundik dioenez, Espainiako gerra ondorengo lekukoek aitortu izan dute euskara oso gutxi entzuten zela Tolosako kaleetan garai hartan. Ordutik 1985 bitarte, euskararen presentzia oso eskasa izan zen herriko kaleetan. Tolosarren lekukotza ugarik berresten dut hori, adibidez Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan.
1921eko esku-orri bat ere bada, “Euskera maite al dezu?” izenburuarekin, eta bertan aipatzen da, hamabost urtetik beherakoen artean jada ez zela euskararik entzuten.
Informazio gehiago: Galtzaundi
Erantzun
Sartu