Teknologia albisteak

Ahozkotasuna ikertzeko hainbat deialdi egin ditu Mintzolak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-05-18 : 14:22

Mintzola lantegiak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta beste erakunde batzuen laguntzarekin batera, zenbait deialdi jarri ditu martxan euskarazko antzerki, bertsolaritza, kantagintza edo beste edozein motatako ahozko kultur sorkuntzari lotutako ikerketak egiteko.

Alde batetik, urtebeteko epean gauzatu beharko diren bi ikerketa proiektu sarituko dira, bakoitza 2.000 eurorekin. Deialdi honetan, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin. Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dute deialdi hau.

Bestetik, doktorego aurreko ikerketa kontratu bat eskaini du, EHU/UPVko Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzak ere babestutakoa. Hemen ere, euskarazko antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza edo kontalaritzari buruzko doktorego-tesia egitea helburu.

Bi deialditara aurkezteko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik. Interesa dutenek, ikerketa proposamenak bidali beharko dituzte Mintzolara. Esleipenak uztailaren 20an iragarriko dira.

Hirugarren deialdiak epe luzeagoa du. Pello Mari Otaño ikerketa beka da, eta babesa du beste erakunde hauena, Mintzolaz gain: Kilometroak Kultur Elkartea, Zubimusu ikastola eta Hernandorena Kultur Elkartea. Aiztondo haraneko ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen helburu. Aiztondo harana Beterri eskualdeko zenbait herrik osatzen dute: Asteasu, Irura, Anoeta, Aduna, Alkiza, Larraul, Zizurkil eta Hernialde.

Erantzun

Sartu