Duela hilabete jaio Aditu hizketa-ezagutzailea eta dagoeneko 500 erabiltzaile izan ditu. Audioak eta bideoak modu automatikoan transkribatzen eta azpititulatzen dituen plataforma da Aditu, bai zuzenean, bai aurrez grabatutako artxiboetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Elhuyarrek sortutako tresna da.
Aurrez grabatutako fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du eta proba daiteke aditu.eus webgunean. Lehenengo bost minutuetan doan erabil daiteke eta hortik aurrera tarifa ezberdinak daude, norbanako eta enpresei egokituak.
Aditu elebiduna da: euskarazko nahiz gaztelaniazko transkripzioak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik zein zuzenekoetatik. Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak prozesatzeko gai da. Gainera, mikrofonotik solas egin eta aldibereko transkripzioak egiteko aukera ematen du.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritzen da Aditu, eta Elhuyarrek prestaturiko bideo honetan ikusten da nola dabilen:
Aditu aurkeztu zen publikoki martxoko lehen hamabostaldian, doi-doi pandemiagatik itxialdia agindu auretik. Elhuyarreko zuzendari Jon Abrilek hala adierazi zuen orduan: "Euskarak bizitasun digital ona izanen badu, ezin ditugu erraldoi teknologikoen menpe utzi gure hizkuntzarentzat giltzarriak diren garapen teknologikoak. Hortaz, ezinbertzekoa da gure estrategia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea. Euskararentzat aukera berriak sortu eta Aditu bezalako tresnak garatu ahal izateko, hizkuntza teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta garapena egiteko plan anbiziotsu bat martxan paratzeko eskatu diegu erakundeei gaurko aurkezpenean".
Erantzun
Sartu