Teknologia albisteak

Koronabirusaren oinarrizko lexikoa prestatu du Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-19 : 11:19

Euskaltzaindiak Koronabirusaren oinarrizko lexikoa argitaratu du, euskara batuan hainbat termino nola eman jakin dezagun. Lana egin da UZEIrekin lankidetzan, eta osasun arloko profesionalak eta euskarazko hedabideekin kontsultak eginik. Oinarri nagusiak

Lana PDF eran argitaratu da (izan zitekeen formato erosoagoa baina ez, Euskal Herrian bizi gara): Koronabirusaren oinarrizko lexikoa.

Hiztegitxoa ez da unibokoa, eta sinonimoak kontuan hartzen dira: esan dezakegu antibiriko, antibiral edo birusen kontrako. Konfinamendu, etxeratze-agindu eta berrogeialdi ere agertzen dira. Gaitzaren izena (zoonosi mota bat, hori ere badator lexikoan) nazioarteko bera da, COVID-19 dena letra larriz idatzia, baina jakina da birus mota jakin batek eragiten duela eta hori koronabirus mota bat da, K eta B-rekin.

Euskaltzaindiaren hiztegi arau-emailean lehendik zegoen terminorik agertzen zaizu, hala nola immunitate bi M-rekin, eta Euskaltermen eta beste hiztegi batzuetan aspalditik finkatutakorik: maskara, adibidez. Euskal Telebistak joan den astean sukar txiki bat pasatu zuen egun batzuetan musuko proposamen partikularra erabiltzen, baina badirudi maskara erabiltzera itzuli direla (ez bada maskarilla diotela...).

Traterari buruz, norbera babesteko ekipamendu edo NBE delakoak daude, eta arnasgailu, behar-beharrezkoak dira gailu horiek.

Lexiko honetaz gain, Berriaren Estilo Liburuak ere bilketa lan interesgarria egin du.

Lexikoa eguneratu eta bateratzeko beharra ez da bakarrik euskaraz gertatu. Ingelesaren alorreko instituzio ezagunek, Merriam-Webster eta Oxford English Dictionaryk eguneraketa azkar eta esanguratsuak egin dituzte jada beraien datubase terminologikoetan: ikus albiste parea.

Erantzun

Sartu