Jaurlaritzak bere Itzultzaile Automatiko Neuronala sarean jarri eta bost hilabetera, tresnaren erabilerari buruzko mintegi bat antolatu zen joan den ostiralean Gasteizen, Lakuan. Itzultzailearen erabilpenaren datuak eman zituzten, eta tresnak zein norabidetan emango dituen hurrengo urratsak. Lehenbiziko nobedadea (bueno, badabil hilabete parea horrela), izena duela tresnak orain: Itzuli, logo eta guzti irudian ikusten duzuen bezala.
Jaurlaritzarentzat informatika zerbitzuak ematen dituen EJIEko Oscar Guadillak eta Xabier Garcia de Kortazar Vicomtech-ekoak eman zituzten azalpenak. Jakin genuen horrela, itzultzaile neuronalen ugaritasun berri honetan, Vicomtech-ek aurkeztutako Batua delakoaren garapen extra bat dela Jaurlaritzak darabilena; eta EJIEk egin duela inplementazioa, oraingoz Googleren lainoko baliabideak erabiliz, HAEE-IVAP-en eta Kultura Sailaren enkarguz.
Sareko bertsioa atera eta gutxira, mugikorreko app-ak ere jarri ziren martxan, Android eta iOS bertsioetan. Hauetan ahotsez ere grabatu daitezke esaldi soilak euskaraz, eta gaztelerazko testua jaso. Baina erabilpen handiena testuekin dela ematen du.
Une honetan, 120.000 erabilpen ditu egunero tresnak (20.000 erabiltzaile desberdin inguru), 2 milioi hitz inguru itzultzen dira norabide batean edo bestean: gehiago izatez gaztelaniatik euskarara (%63), eta %37 euskaratik gaztelaniara. Bolumen horien %40a mugikorretik omen da, eta app instalazioak dira une honetan 12.500 androidetan eta 4.500 iPhone eta iPad-etan.
Erabilpen kasuak denetarikoak izango dira, baina igarri izan omen dute erakunde asko eduki itzulpen asko egiten ari direla, lehen itzuli gabe uzten ziren materialetan; eta gurasoak ere ari direla, nonbait seme-alabei etxeko-lanetan laguntzen edo. Lanegunetan asteburuetan baino dexente gehiago erabiltzen da.
Bertsio mugikorrez gain, HAEEk erabilpen internorako beste itzultzaile berezitu bat atera du: hizkera juridiko-administratiboan trebatua dago hori, eta Trados itzulpen-sistema komertzialarekin lotzeko gaitasuna du. Erabilpen internoa du bertsio honek, herri administrazioek erabil dezakete HAEEren bidez. Era honetako bertsio berezitu gehiago etor daitezke etorkizunean, eta Itzulik izatez badu API bat kanpoko konexio eta itzulpenak kudeatzeko. Nola erabiliko den API hori, ez dagokio EJIEri edo Vicomtechi hori erabakitzea, Jaurlaritzak esan beharko du.
Badirudi lehen garapenetako bat izango dela dokumentu osoak itzultzekoa, demagun .doc Word dokumentuak; baina hau ere administrazioaren barne erabilpena izango da. Era berean, ingelesezko eta frantsesezko bertsioak etorriko direla iragarri dute, dagoeneko Elhuyarren Itzultzailea.eus delakoak badaukan gaitasun bat.
Erantzun
Sartu