Teknologia albisteak

Photoshop programak 30 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-21 : 10:05

Teknologia berrien esparrua honezkero teknologia zaharren mundua da. Pioneroak hiltzen dira eta produktuek hamarkadak betetzen dituzte. Aste honetan hil da copypastearen asmatzailea eta Photoshop programak 30 urte bete ditu. Irudiak eraldatzeko programa informatiko inportanteena honezkero hiztegi orokorretako parte da, fotoxopa eta fotoxopatzea Photoshop programaren adiera estrikto urrunago iristen diren terminoak dira.

Adobe etxeak sortutako produktuen artean, PDF formatua eta Photoshop programa dira ezagunenak. Mac ordenagailuetarako bertsio gisa sortu zen 1990ean, gaitasun grafikoetarako aukerak zituen sistema ia bakarra hura zelakoan, baina gaur egungo Photoshopetik nahiko urrun zegoen gaitasunetan. Honako grafiko honetan urtez urte izan dituen gehikuntzak zerrendatzen dira:

Puntu batzuk aipatzeagatik.

  • 1991. CMYK kolore definizio-sistema inprimategirako kolore sistema da. Programa sortu zenean bakarrik RGB kolore-sistema zeukan, ordenagailuko bertako koloreak definitzeko... Inprimategietako estandarra ere izan da Photoshop hamarkada hauetan, baina hasiera-hasieran ez zegoen zeregin horretarako hain prestatua.
  • 1994. Layers, hau da, kapak. Irudiak eraldatzeko edozein programatan funtsezko elementu bat dira, baina, pentsa, hasieran ez zen hain ebidentea behar zirenik.
  • 1998. Paleta historikoa. Undo edo Desegin aurreratu bat, diseinatzaileak egindako ekintza askoren sekuentzia gordetzen duena... Ezinbestekoa gaur egungo diseinatzaileentzat.
  • 1999. Save for Web. Interneterako gorde: inportantea izan zen JPG konpresio desberdinak eskaintzen zituelako, Internetek irudi ez-pisutsuak behar zituen garai batean.
  • 2000. Vector shapes, forma bektorialak. 20 urte forma bektorialak darabiltzala Photoshopek, baina egia esanda, era horretako irudiak beste programa batzuekin hobeto kudeatzen dira, adibidez Inkscape programa librearekin.
  • 2002. Camera Raw, literalki itzulita, kamera gordina. Batez ere pertsonen argazkiak (aurpegiak, azalak) moldatzeko teknika multzo baten integrazioa. Pertsonaia eta egoera fotoxopatuak funtzio honen ondorio dira neurri handi batean. Fotoxopatzea gauza honi esaten diogu.
  • 2014. Adobe Fonts service. Font edo letratipoak kudeatzeko sistema. Beste gehikuntza batzuen kasuan bezala, ez da diseinatzaile askoren oso gogokoa: nahiago dituzte letratipoak beste modu batean kudeatu.
  • Azken hamarkadako zenbait berrikuntza (Stock service, CC libraries, Cloud documents) sareko edo lainoko zerbitzu eta baliabideak erabiltzearekin daude lotuta.

Photoshop ez da sekula euskaratu, eta ordainpekoa da: bertsio estandar txukun bat, erabilpen profesionalerako, hileko 24 euro kostatzen dira. Alternatiba libre eta euskaratua GIMP da, jakina (hemen pista batzuk euskarazko bertsioa lortzeko).

Erantzun

Sartu