Teknologia albisteak

Zinegoak zinemaldia herri gehiagotara zabaltzen da aurten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-22 : 14:17

Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, edo, beste moduan batean esanda, Zinegoak 2020, otsailaren 24tik martxoaren 8ra arte garatuko da aurten, honako leloaren inguruan: hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko.

Zinegoak elkartetik jakinarazi duenez, edizio berriak "jauzi kuantitatiboa" ekarriko du Bilbotik haratago duen presentziari dagokionez. Bilbon ikusiko diren lan gehienak herrietan ere ikusi ahal izango dira.

Sail ofizialari dagokionez, 22 film luze izango dituzte, hiru kategoria ezberdinetan:

  • FIK: nazioarteko jaialdietatik igaro diren fikziozko film luzeak
  • DOK: film luze dokumentalak, trans errealitateei arreta emango zaielarik bereziki aurten.
  • KRAK. Proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak, genero, lengoaia eta estetikak nahasten dituztenak

Film laburren kasuan, lau ziklo berezi:

  • "Emakumeak" eta "Haurtzaroa eta Nerabezaroa" zikloak, aurreko urteetan bezala.
  • "Indarkeria patriarkalak", patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan.
  • "Gorputz errebeldeak", gorputzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoak.

Euskal Herrian sortutako 13 lan izango ditugu; bederatzi film labur (bi sail ofizialean eta gainontzekoak "Erroak: euskal panorama" sailean), film luze dokumental bat sail ofizialean (Iban del Camporen Glittering Misfits) eta hiru lan eszeniko, tartean, Lurrun Minez antzezlanaren aurre-estreinaldia, La Fundición eta Loraldiaren lankidetzarekin.

Ikusi hemen Bilboko egitaraua, eta herriz herrikoari dagokionez, martxo eta apirilean atento egon, ze 70 proiekzio egingo dira 60 udalerritan.

Bizkaian, herri ugarik errepikatuko dute: Abadiño, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berriz, Durango, Galdakao, Getxo, Igorre, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Portugalete, Sestao, Sopela, Ugao eta Urduña. Eta kokapen berriak izango dira Orozko, Otxandio, Sondika edo Zalla.

Gipuzkoan, lehengo egoitzak: Anoeta, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Hernani, Hondarribia, Oiartzun, Oñati, Tolosa,  Zizurkil eta Zumaia. Ohikoa den bezala, Donostin ere proiekzioak izango ditugu, Gehitu eta EHGAMen lankidetzarekin. Herri berriak ere bai: Asteasu, Elgoibar, Errenteria, Ordizia eta Lasarte-Oria.

Arabari dagokionez, Aramaiok, Artziniegak, Laudiok eta Urkabustaizek (Izarra) errepikatuko dute. Eta beste hainbat herritara helduko baita: Agurain, Amurrio, Añana, Armiñon, Arratzua – Ubarrundia, Berantevilla, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Gaubea, Iruña Oka, Kuartango, Lantaron, Legutio, Zambrana, Zigoitia eta Zuia (Murgia).

Informazio osoa: Zinegoak 2020

Erantzun

Sartu