Filmin Euskaraz katalogoa ireki den honetan, aipatzekoa da katalogo bertsua ikus daitekeela, gutxi gora-behera, dohainik, eLiburutegiaren bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen online zerbitzuan; eta baita Nafarroako Liburutegi Publikoen bitartez. Streaming moduan ikus daitezke filmak, nahiz eta telebistara konektatzea zaila dirudien. Hori bai, euskarazko katalogoa murritza da eta, euskarazko azpidatziekin ikusteko aukeren kasuan, lotsagarria.
eLiburutegiak www.eliburutegia.euskadi.eus webgunean dituen mailegu zerbitzuen artean, 2019ko udazkenetik filmen alorra ere badago, Efilm izeneko tarteko plataforma baten bidez eskainia. Nor noren atzean dagoen ez da argi esaten inon, baina badirudi eFilm delako hau Galiziako enpresa baten zerbitzua dela (Infobibliotecas), eta Espainiako liburutegi publikoen bitartez eskaintzen dituela zenbait streaming aukera.
Nork nori zenbat eta nola ordaintzen dion, ez dakigu, baina Hego Euskal Herriko bizilaguna izanda, eta bertako liburutegi sarean txartela edukita, sartu zaitezke Efilm-eLiburutegia plataforman (edo Nafarroakoan) eta astean bi film doan ikus ditzakezu (bakoitza hasi-amaitu artean 72 orduko epea duzularik).
Katalogoa nondik datorren ere ez dago oso argi: badirudi asko Filmin-ekoak direla (ez badira gehienak), filmen karatula grafikoetan agerikoa baita Filmin jartzen duela. Rakuten zerbitzuaren filmak ere badaudela irakurri dugu hortik. Eta, gero, bitxikeriak bitxikeria, badirudi katalogoa desberdina dela EAEn eta Nafarroan.
Bilaketa aurreratuaren bidez, hizkuntzen araberako datu batzuk lortu ditugu, EAEri dagokionez.
Nafarroan, 28 film bakarrik ageri dira euskaraz...
Azpitituluetan, beste datu bitxi bat, hau ere EAEko bilaketetan.
Azpidatziak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako lanen ondoren, eta Open Data Euskadin haiek askatuta, eta 10 urte baino gehiago Azpitituluak.eus hor egonda, hori nola den posible, azal dezala ahal duenak.
Bestalde, euskarazko film batzuk derrigor espainolezko azpidatziekin ikusi beharra dago: hala gertatu zaigu 80 egunean filmarekin, zeinaren pantaila-irudia hartu dugun ilustraziorako. Beste adibide bat ireki du Sustatuko editoreak (asteko bi ikuskatzeak errez), eta hura ikus zitekeen euskara hutsez behintzat: Gartxot.
eLiburutegia erabiltzeko, txartela izan behar da EAEko liburutegi publiko batean, eta liburutegi horren bidez pasahitzak eskainiko dizkizute sartzeko (uste dugu berdintsu dela Nafarroan). eFilm zerbitzuan sartzeko, pasahitz berberak erabili behar dira, baina batzuetan arazoak gertatzen dira. Sustatuko editoreari Donostiako Liburutegi zerbitzuan tramite batzuk egin behar izan zizkioten sartu ahal izateko, eta egun batzuetarako hartu zuen tramiteak.
Erantzun
Sartu