Teknologia albisteak

Euskararen Etxea, berrirekiera bikoitza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-18 : 09:51

Euskararen Etxea Bilbon egon da, San Inazio auzoan, 2004tik, Azkue Fundazioak kudeatua. Baina orain, berritu egin ditu bere instalazioak, eta webgunea ere ireki du: EuskararenEtxea.eus. Besteak beste, bilerak eta jarduerak egiteko lau lan-areto ireki dira, eta saretik erreserbatu daitezke. Itxura batean doako erreserbak eska daitezke, lehentasuna dutelarik irabazi asmorik bako entitateek, administrazio publikoko entitateek, eta Bizkaiko elkarte edo entitateek.

Berrikuntzak atzo aurkeztu zituzten bertan egindako ekitaldi batean. Lan espazio berrien irekieraz gain, jarduera programak ere aurkeztu dituzte, hala nola:

  • Hizkibridoak, literaturaren eta ahozkotasunaren inguruko hausnarketak, udaberria bitartean garatuko direnak.
  • Booktegi ekimenarekin batera zenbait ekintza, hala nola Katixa Agirreren Festa Gonbidatuak solasaldi-emanaldia bihar (otsailak 20), eta Xerezaderen Festa maiatzean Xerezaderen Artxiboa literatur podcastarekin. Ekitaldi hauei buruz informazio gehiago hemen.

Euskararen Interpretazio Zentroa ere badu Euskararen Etxeak bere baitan, baina honetarako bisitak ere erreserba sistematik gorde daitezke. Interpretazio Zentroa ez da berria, lehendik ere bazen martxan, baina orain bere eskola programa berritu dute, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean.

Berrikuntzak ez dira amaitu orain aurkeztutakoekin. Jarraian Lantegi Kooperatiboari dagozkion berrikuntzak egitekoak dira, lantegi hau coworking espazio bat da zeinean zenbait erakundek dituzten lanpostuak eta baliabideak beraien jardueretarako: Azkue Fundazioa bera, Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 111 Akademia eta Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI).

Webgune berri eleanitza Wordpress teknologiarekin egin du CodeSyntax-ek, Sustatu kudeatzen duen enpresak. Erreserba sistema Django azpiegituran dago oinarritua.

Euskararen Etxea bisitatzeko,

Erantzun

Sartu