Urtarrilaren 16an, Birmaniako (Myanmarko) Katxin gutxiengoko kideek beraien hizkuntzan idazten saiatzen ziren bakoitzean, blokeatu egiten zitzaien Facebook. Ez zegoen modurik post bat egiteko hizkuntza horretan. "Zure eskaera ezin da prozesatu", erantzuten zuen Facebook-eko sistemak. Hurrengo egunerako konpondo zuten, eta Facebook-ek aitzakia hau eman zuen: "Big bat (errore informatikoa) izan da gure hizkuntza-azpiegituran".
Birmaniera ez bezala, Kachindarrek alfabeto latinoa erabiltzen dute beraien hizkuntza idazteko (idazkera berean, Jinghpaw). 1.1 milioi hiztun omen daude, 50 milioi biztanleko herrialdean. Zenbait etnia eta gutxiengo daude Birmanian, baina etnia nagusia birmaniar eta budistaren xovinismoa ikaragarria da. Aginte militarraren ikuspegitik izan edo ustezko lider demokrata Aung San Suu Kyi delakoaren aldetik, Birmania bat da, birmaniera besterik ez da han, budismoa da erlijio bakarra, eta beste guztiak menderatu beharreko terroristak: politika nazionalista-zentralista horrek eraman du Rohingya gutxiengo musulmanaren kontrako genozidiora.
Hain zuzen ere, Facebook-en bitartez budistaen gorroto genozidako mezuak zabaltzen zirela salatu izan da. Iaz Facebook-ek gorrotoaren kontrako eduki-politika hasi zuela iragarri zuen, erreakzio gisa. Era berean, 2019ko otsailean, konpentsatzeko edo, Birmaniako gobernuaren kontrako lau mugimenduren orriak debekatu zituen Facebook-ek, horien artean Katxin Independentziaren Armadaren orriak.
Kontestu horretan, Katxindarrek orain 24 orduz ikusi dutena ohartarazpen tetriko baten itxura du: beraien jarduna zentsuratu dezakete edozein unetan, edo beste ikuspegi batetik ikusita, beraien mezuak automatikoki detektatzen direla jakitea beldurgarri samarra ere bada.
The Verge agerkarian irakurri dugu istorioa.
Ilustraziorako, katxindarren hizkuntzan (Jinghpaw, Jinghpo) Txinan alfabeto latinoz argitaraturiko liburu bat. Katxin eskualdea Birmaniako iparraldean dago, Txinako mugan. Txinan ere bizi dira katxindarrak. Birmaniera, txinera eta katxinera edo Jinghpaw hizkuntza, hiruak ahaideak dira, familia sino-tibetarrekoak.
Erantzun
Sartu