Wuhan hiria famatu da tamalez azken egunetan, koronabirusaren epidemia bertatik hasi delako hedatzen, Hubei probintzia txinatarreko metropolian kokatzen baitira gaixo gehienak. Txinatik kanpo hiri hau ez da bereziki ezaguna, baina Txina barruan gauza bitxi batean behintzat nabarmentzen da: punk eszena txinatarrarren gune nagusietako bat da. Bertako talde nagusia entzun dugu (SMZB) eta hara sorpresa: doinu zelta-antzekoak nahastuz beren hardcore-arekin, euskal rock-aren doinu batzuekin duen antzekotasunak harritu egin gaitu.
2014ko artikulu honetan ageri da SMZB taldeko burua, Wu Wei, Txinako punk eszenaz eta bere talde SWZB delakoaz mintzatzen.
Bideo honetan ageri da taldearen kantu ezagunena, Wuhan, Wuhan, beraien hiriari egindako himno bat. 2011. urtekoa da grabaketa, taldearen 15. urteurreneko kontzertuan grabatua. Bideoak ageri denez, Wuhango presondegian grabatu zen kontzertua, beharbada kontzertu-areto baten izena izango da... Adi txirularen presentziari: horrek ematen dio folk ukitu hori, euskal rockak ere presente duena zenbait esperientziatan:
Azpidatziak ere agertzen dira kantuan (ingelesez) eta Wuhan eta bere martxa goraipatzeko kantu bat dela ikusten da. Hitzetan, 8 milioi biztanleko hiria goraipatzen da 2011ko bideoan... pentsa zer den Txina non orain hiriak 11 milioi biztanle dituen.
Ez gaude seguru txirularen folk erreferentzia hauek autoktonoak ote diren Hubei eskualdean, ala taldearen eragin kosmopoliten isla den: eragin zeltikoa akaso? 2011ko kontzertu horren bideo luzeagoan, adi 51. minutuari: txirulariak txirula uzten du eta gaita zeltiko batekin jotzen ditu hurrengo abestiak.
Nolanahi ere, SMZB ez da beti aritzen doinu folk horiek nahasten: 2018ko beste pieza honetan hardcore gogor eta huts hutsago bat nabari zaie.
Erantzun
Sartu