Teknologia albisteak

Podcast: euskaltzaletasunaz eta feminismoaz, Eskisabel eta Agirrek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-18 : 23:27

Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek eskuz esku emandako hitzaldia. Tolosan izan zen urriaren 15ean, "Euskara eta feminismoa, bidegurutzean elkargune" topaketen barruan. Hitzaldia eman eta aste gutxira argitaratu zen Lisipe bilduman Trikua esnatu da saiakera, non bi egileek ideia hauek sakon landu dituzten. Saiakera horretarako hitzaurre hitzezkotzat har dezakezue podcast hau.

Beraien tesietako batzuk entzun ditzakezue jarraian grabaketan:

Pasarte bana aipatzearren, atzera begirako bat egin zuen Idurre Eskisabelek, "zapalkuntza hirukoitzaren" inguruan. "Noiz deskubritu genuen euskaldunak ginela? Noiz deskubritu emakume edo ez-gizon ginela? Zapalkuntza desberdin posibleen ideia, 1960eko hamarkadatik, geurean errepikatzen den eztabaida da, askotan hierarkizazio terminoetan planteatua, zer den lehenago, klasea ala nazioa. Gaur egunean ere, oraindik mahai gainean dauden eztabaidak, esate baterako, Kataluniara begira jartzen bagara hantxe dago. Baina geurean, zapalkuntza hirukoitzarena ere agertu zen, non eta Ipar Euskal Herrian 1970eko urteetan, ez kasualitatez, non feministak baziren, baina haien artean batzuek, Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBAA) sortu zutenek, euskaldun izatea eta nazioaren aldagaia erantsi zioten feminismoari".

Atzera begirako horretatik, egungo argazkira, Lorea Agirreren beste pasarte batean. Azken inkesta soziolinguistikoen datuei begiratuz, zera aipatu zuen Agirrek: "Inkesta soziolinguistikoari begiratuz, ikusten da emakumeak direla gehien hitz egiten dutenak. Euskararen feminizazio bat gertatzen ari da. Feminismoak ikertua du feminizazioa, eta badu bere alde txarra. Feminizatzen den guztia gutxiagoa kontsideratua izatera igarotzen da. Emakumezkoak prakak jantzita, estatusa igotzen du, baina gizonezkoak gona jantzita, galdu egiten du estatusa. Baina euskararen kasuan, argazkiaren parte bat hau izanda, esango nuke ataka ezin hobean gaudela, bi borrokak aldi berean egiteko, hizkuntzarena eta genero berdintasunarena".

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Sustatu Multimedia

Sustaturen Multimedia edukiak osatzen dituzte, denboraldi honetan nagusiki, Segura Irratitik audioz eta gure Twitch kanaletik ikus-entzuneko zuzenean egiten ditugun emanaldiek: ohikoan, ostegunetan goizeko 10.40etan izaten da, 20 minutuko saioa. Horrez gain, Youtubeko gure kanalean ere kargatzen ditugu beste audio eta bideo eduki batzuk tarteka.

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: