Teknologia albisteak

EAEko tokiko erakundeentzako hizkuntza dekretua: ondorio teknologikoak (eta gainerakoak)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-22 : 13:20

Eusko Jaurlaritzak "Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzional eta administratiboa normalizatzeko Dekretua" onartu du aste honetan. Udaletan, herritarrekin eta barne-funtzionamenduan, euskara nola erabili behar den arautzen duen dekretua da. Puntu interesgarriak dakartza dekretuak eta horien laburpen bat eskaintzen dizuegu hemen, bereziki teknologiaren erabilerarekin zerikusia dutenak. EAEn aplikatzeko neurri hauetan zehaztapen eta aurrerapen nabarmenak daudela esan daiteke, gutxienez.

Horra dekretuan aurkitu ditugun zenbait puntu interesgarri:

  • Herritar batek enplegatu publiko bati euskaraz hitz egiteko asmoa erakutsi edo euskaraz hitz egiten baldin badio, baina enplegatuak euskara ez badaki, enplegatuak lankide elebidun bati eskatu beharko dio laguntza. Herritarrak aukeratu duen hizkuntzan jasoko du zerbitzua. Langileek ez diete eskatuko herritarrei hizkuntza batean edo bestean mintzatzeko. 
  • Udalak horrela erabakitzen badu, euskara lan-hizkuntza izenda dezake derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna ezarria duten lanpostuetarako.
  • Publizitate-kanpainak kontratatzean, bereziki zainduko da euskarazko esloganak hizkuntza horretan sortu izana eta ez direla gaztelaniaren itzulpen hutsa, eta horrela jasoko da baldintza-pleguetan.
  • Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio-zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira.
  • Itzulpenen eta interpretazioen erabilera arrazionala bultzatzeko, ahaleginak egingo dira euskaraz idatzitako dokumentuak gaztelaniara ez itzultzeko, baldin eta jotzen bada toki-entitatearen zerbitzura jarduten duten langileek edo udalbatzako kideek dokumentu horiek ulertzeko euskara-gaitasun nahikoa daukatela.
  • "Arnasgunea" kontzeptu gisa definitua geratzen da: "Eremu geografiko eta soziofuntzionalak zeinetan euskara dakiten pertsonen ehunekoa %80tik gorakoa baita, eta euskaraz aritzea ohikoa eta orokorra baita gizarte-harremanetan".
  • Toponimiari buruzkoak ebatzi eta arautzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala sortuko da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erregistro publiko gisa.
  • Azpiegitura proiektuak onartzeko (hirigintza planak, adibidez) eragin linguistikoa aztertu beharko da eta udalek egin beharko dute analisi hori. Kaltea izango dela sumatzen badute, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaileak eskatuko dituzte.
  • Udal edo toki-entitate batek zerbitzu batzuk enpresen bitartez ematen dituzten kasuetan, hizkuntza eskubideak berdin bermatu beharko dituzte kontratatuek.

Eta teknologiaren alorrean, horra Interneten erabilerari buruzkoak:

  • Toki-entitateen eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen web-edukietara sartzeko hasierako orriak euskaraz egon beharko du, lehenespenez. Orri horretan edukiak gaztelaniaz ikusteko esteka ere agertuko da, eta, hala badagokio, ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuetan ikusteko estekak ere bai.
  • Web-orrialdeen URL helbideek euskarazko hitzak eduki behar dituzte. Hau betetzeko, nahiko lan izango dute udal eta gainerako erakundeek. Adibiderako hartu dugun irudian, hortxe, URL-etan erdarazko hitzak euskarazko zerbitzu batean, Donostiako Udaleko zerbitzu honen helbidean.
  • Izapideak internet edo intranet bidez egiteko aukera eskaintzen denean, euskara eta gaztelania baliatzeko aukera eman behar da

Eta erakundeetan bertan erabili beharreko softwareaz, beste hauek:

  • Bulegotikako materiala (hardwarea eta softwarea) egokitu beharko da, euskaraz ere funtziona dezan.
  • Beren-beregi erabiltzeko sortzen den softwareak euskaraz erabiltzeko modukoa izan beharko du, eragotzi gabe gaztelania.
  • Zerbitzuen datu-base eta erregistroetan pertsona fisikoen edo juridikoen datuak jasotzen direnean, eremu bat egon beharko da, pertsona horietako bakoitzarekin harremanetan jartzeko hizkuntza zein den zehazteko. Datua jasota, komunikazioak hizkuntza horretan egingo direla bermatuko da.
  • Software jakin bat edo prozedura informatiko bat prestatzeko fasean, kontuan hartu beharko dira euskarazko eta gaztelaniazko funtzionamenduaren beharrak. Bereziki saihestuko da lehenik aplikazio osoa gaztelaniaz egitea eta, ondoren, programak euskarara egokitzea.
  • Softwareak kanpora begira funtzionatu beharko du euskaraz edo gaztelaniaz; herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubideak baliatzeko aukera izan dezaten.
  • Eta baita ere barrura begira: langileek euskarara egokitutako informatika-aplikazioak edukiko dituzte, eskatuz gero, eta betiere lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek erabil ditzaten.
  • Entitateen erregistro elektronikoetan, euskara zein gaztelania erabili ahalko dira datuak biltzeko eta prozesatzeko eta oharpenak eta idazpenak egiteko, entitate bakoitzak horri buruz ezarri duenari jarraikiz.
  • Baliabide elektronikoekin, administrazio-prozedura edo jarduketa automatizatuak badaude, hura diseinatzeko orduan kontuan hartuko da interesdunei bermatu behar zaiela hizkuntza aukeratzeko daukaten eskubidea.
  • Administrazio-jarduera automatizatuko sistemak diseinatzen direnean, euskara izango da lehen hizkuntza erantzuteko eta kontsultak egiteko; gaztelania, bigarrena, eta, gero, gainerako hizkuntzak, halakorik badago.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu