Teknologia albisteak

Euskal Herriko azken neandertalen aztarnen bila

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-31 : 10:26

Egun hauetan indusketan hasi dira Gipuzkoako Amalda III leizean (Aizarna, Zestoa), Euskal Herrian bizi izan ziren azken neandertalen aztarnen bila. Leizeak bereizgarritasun bitxiak ditu: sartzeko, 30 metroko rappel bat egin behar da horma batetik behera (!). Dituen aztarnak inportanteak dira, duela 40.000 urte Neandertalak desagertzeko zorian zirenean, Kantauriko eskualdean aztarna gutxitxo daudelako, eta hemen daude horietako batzuk.

CENIEH Burgosko ikertegiak zuzentzen du indusketa denboraldia. Bertan egiten du lan Joseba Rios-Garaizar arkeologo euskaldunak, eta berari irakurri diogu indusketa sasoi honen berri TwitterrenAntxieta Arkeologia Taldearen laguntza dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza. Atapuerca aztarnategietako aurkikuntzetatik sortu zen neurri handi batean CENIEH Burgosen: merezi duen museo handi bat dago hirian zentroaren egoitza ere badena, eta bertatik antola daitezke bisitak Atapuercara.

Amalda III leizeko lanei buruz... lehenengo eta behin iristea da koxka!

Mousteriar aztarnak arakatu nahi dituzte bertan, horien presentzia detektatua baitago Amalda III leizean. Neandertalen kultura arkeologiko tipikoa da Mousteriarra da. Amaldako leize multzoko beste toki batean Chatelperroniar aizto bat ere aurkitu izan da. Beste kultura litiko hori, aurreratuagoa da nolabait, eta uste da imitazio bat izan daitekeela, Neandertalek egina Europara iristen ari ziren Sapiens espeziekoei ikasita edo kopiatua edo kutsatuta... Amaldan aurkitu den beste aztarna bat da Trebiñun sorburua duen suharria da, Neandertalak distantzia luzeetan mugitu edo gaiak trukatzeko gauza zirela demostratzen duen datua.

Modu batean edo bestean, gure espeziea Euskal Herrira (eta oro har, Europa mendebaldera) iritsi aurretik, hemen zeuden beste gizaki espezie horren (neandertalak) azken testigantzetako batzuk Gipuzkoako inguru hauetan daude, eta horiez gehiago jakitea izan daiteke kanpainaren emaitza bat.

21. mendean Euskal Herrian aurkikuntza inportanteak egiten ari den zientzialari bat da Rios-Garaizar, hona bere lanaren aipu batzuk Sustatun:

Erantzun

Sartu