Duela egun batzuk hitzaldia eman zuen Bernardo Atxagak Bartzelonan. Bideoa sarean duzue, eta interes bizia du, hizkuntza eskubideen inguruko mintegi batean eman zuen. Besteak beste, hitzaldian kontatu zuen nola bere ordenagailu berriak, duela urtebete erosiak, gaiztakeriak egiten dizkion eta zuzentzaile automatikoaren bidez euskarazko hitzak aldatzen dizkion. "Deabrua" barruan duela saldu zioten ordenagailua, kexu da Atxaga. Eta ez zaio arrazoirik falta, baina deabrukeriak badu konponbidea.
Bideoan 49. minututik aurrera kontatzen ditu Atxagak zuzentzailearen gaiztakeriak.
"Noiz afari bat?", galdetu zion lagun bati e-postaz. Eta erantzuna: "Safari bat?". Beste batean "Ondo lo egin" esan nahi zion senideren bati agurtzeko, eta "Ondo love egin" idatzi zuen ordenagailuak. Behar eta egin aditzak, berriz, besar eta gin bezala jarri ohi dizkio, eta esaldi are misteriotsuagoak ere sortu zaizkio. Idatzi zuen idazleak: "Herria isil isilik dago", eta makinak eman, "Kerry misil idilio digo".
Arazo erreala da Atxagak pairatzen duena, sinesten diogu. "Donosita" efektuaren eraso jarraitu baten pean bizi da Asteasukoa (Sustatun behin baino gehigotan jardun dugun honetaz). Baina badu konponbiderik arazoak; ordenagailuko parametro orokorretan eta programa jakinetan zuzenketak desgaitzea. Euskararen ikuspuntutik, bestalde, euskarazko zuzenketak ezar daitezke ordenagailuan.
Xuxen programa, adibidez, Windows, Linux eta MacOS sistema eragileetan erabil daiteke testu-lanketarako OpenOffice, LibreOffice, TexteEdit eta Microsoft Office programetan. Era berean, eskuragarri dago, Adobe InDesign paketean, eta nabigatzaile nagusietan ere: Firefox, Chrome, Safari eta Internet Explorer. Atxagaren arazoa badirudi mezu elektronikoetan gertatzen dela, eta hortaz, demagun, Gmail erabiltzen badu, nabigatzailean egon daiteke koxka. Ba, esan bezala, Xuxen instalatu daiteke nabigatzailean.
Xuxenen ohiko funtzionamendua, dena dela, "biguna" da nolabait esateko. Nabigatzailean integratuta baduzu, eta Gmail-em idazten baduzu "Noiz afarri bat?" akatsa eginez, ez du automatikoki ordezkatuko hitza, eta horren ordez, azpimarra gorri batekin erakutsiko dizu afarri, bertan klikatuz afari alternatiba agertzeko.
Word programan instalatuz gero Xuxen, ordea, zuzenketa automatikoa gaitzen da, eta orduan bai, aukera "gogorra" aplikatzen du zuzentzaileak: hitz ordezkapenak automatikoki gerta daitezke (afarri > afari). Jendea kexu agertu izan da ordezkapen batzuk okerrak direlakoak, eta Xuxenek berak bere instrukzioetan gomendatzen du funtzionalitate hori desaktibatzeko. “Word-en aukerak” > “Berrikuspena” > “Zuzenketa automatikoaren aukerak...” ataletik. “Ordeztu idatzi ahala” aukera desaktibatzea nahikoa da automatikoki egiten diren ordezkapen horiek ez egiteko.
Telefono mugikorrarekin idatziz gero, hainbat programatan idazterakoan gertatzen dira ordezkapen automatikoak. Nork ez ditu ikusi Whatsappean erdarazko hitz ulertezinak senide eta lagunen mezuetan tartekatuta. Bi soluzio gomendatu daitezke honen aurrean:
Azkenengo kategoria horretan, Android-erako AnySoft Keyboard daukazue, Librezalek itzulia; eta Android zein iOS sistemetarako, GBoard, Googleren teklatu odiziala, zeinak euskara duen onartutako hizkuntzen artean.
Bestalde, Xuxen zuzentzailea esistitzen da aplikazio gisa mugikorretan, baina ez da integratzen beste aplikazio batzuekin. Hau da, Xuxen ireki eta bertan idazten duzuna zuzentzen du aplikazioak, baina mezu bat idazteko, ba Xuxenetik testua kopiatu eta beste aplikazioan itsatsi beharko zenuke bidali aurretik.
Artikulu honetarako informazio zehatza eman digu Aitzol Astigarraga informatikariak. Eskerrik asko.
Atxagaren hitzaldiari dagokionez, ordenagailuko anekdota da gutxiena. Gauza mamitsuak kontatzen ditu, "Arrautza, ou, huevo, oeuf, egg" titulatu zuen lanean.
Hain zuzen ere, ipuin zahar batekin hasten da, nola deabrua hiltzea oso zaila den... hura hiltzeko metodoa dela leizezulo batean bizi den deabruaren anaiari sabela irekitzea, haren barruan dagoen erbiaren sabela irekitzea, erbiaren barruan dagoen usoaren sabela irekitzea, eta usoaren sabelaren barruan dagoen arrautza hartu, eta arrautza horrekin kolpea ematea deabruaren kopetan (hemen ipuinaren kontakizun parea: bat / bi).
Ba, lasai, Atxagaren ordenagailu barruko deabrua hiltzea errazagoa baita.
Erantzun
Sartu