Ingurune Digitala aldatuz doa. Egunetik egunera ikusten ditugu berrikuntzak, eta etengabe aldatzen zaigu teknologiarekin dugun harremana. Teknologiak inguratzen gaitu, eta harreman honetan hizkuntza ezinbestekoa da gaur egun. Alor honetan ere euskarak bere bidea egin du, eta askotan esan izan ohi dugun moduan, euskararen osasun digitala ez da txarra, baina aldaketak azkar datoz, eta, euskarak, abiadura horretara egokitzeko gaitasuna behar du.
Hau lortu asmoz plan eta proposamen ugari ondu dira azken urteotan, baina, zoritxarrez, ez dago estrategia bakarra euskararen lurralde osoa kontuan hartuko duena, daudenak kontraesankorrak dira, eta EAEz kanpoko estrategia digitaletan ez da euskara kontuan hartzen.
Egoera hau ez da euskarara mugatzen. Nazioartean “Digital minorisation” kontzeptua hasi da zabaltzen fenomeno hau deskribatzeko, eta islandiera bezalako hizkuntza nagusien kasuan ere desagertze digitalaz hasi dira hitz egiten.
Hau guztia kontuan hartuta, adostasunean oinarritutako Estrategia Digital baten beharra gero eta nabarmenagoa da. Euskara ardatz izango duen Estrategia Digitala, honako gakoetan oinarritu beharko litzateke gutxienez:
1. Bitartekotza.
Bitartekotza egingo duen entitate bat behar du euskarak, bere estrategia digitala garatuko bada, baina bitartekotzaz hitz egitean ez ditugu soilik Google eta Facebook bezalako erraldoiak izan behar kontuan. Gertuko eragile eta sektorearekin ere izan behar da harremana, Euskal Herrian garatzen den teknologiak euskara kontuan izan dezan, euskararen lurraldean euskararentzat teknologia gara dezagun, eta plan berrietan euskarak bere tokia izan dezan.
2. Burujabetza teknologikoa
Garbi izan behar dugu Euskarak behar duen teknologia ez dela atzerrian garatuko, interes ekonomiko urria pizten duelako. Baina gure Estrategia Digitalean onartzen badugu euskarak teknologia behar duela, ezinbestekoa dugu Burujabetza teknologikoaren bidea jorratzea, horretarako bide-orri propioa garatuz eta profesional euskaldunak trebatuz.
3. Edukien garapena
Euskara eraman behar dugu ingurune digitalera esparru guztietan, testua eta baita ikus-entzunezkoak ere, eta horretarako estrategia eta plataforma propioak behar ditugu.
Sorkuntza garestia da, eta hau bideragarri egiteko ezinbestekoa da berariazko diru-laguntza lerroak indartu eta euskarazko marketin digitalaren aldeko apustua egitea, sarean euskarazko edukiak argitaratzea sozialki eta ekonomikoki errentagarria izan dadin.
4. Sustapena
Euskarazko Ingurune Digitalaren estrategiak bi alderdiak hartu behar ditu kontuan: eskaintza eta eskaria. Ez du ezertarako balio euskarazko edukiak argitaratzea euskaraz kontsumitzeko ohiturak indartzen ez badira.
Hau guztia kontuan hartuta, ezinbestekoa da ezagutza eta kontzientziazioa lantzea, erabileraren alderdian eraginez. Euskarazko edukien eskaintza zabaldu eta bideragarri egingo duen erabiltzaile komunitate aktiboa garatu behar dugu.
5. Gidaritza
Euskarak behar duen estrategia digitala arrakastaz garatzea espero badugu ezinbestekoa da adostutako gidaritza bateratua izatea. Orain arteko txosten eta estrategiak gomendioetara mugatzen ziren, edo gaiaren ardura erakunde desberdinen artean banatzen ziren.
Horregatik, euskararen estrategia digitalaren zutoinetako bat honen diseinu, garapen eta eguneratzeaz arduratuko den entitate legitimatu baten izendapena izango da, beharrezko neurriak adostasunez ezarri ahal izateko.
ONDORIOAK
Laburtuz, honako gakoak azpimarratuko nituzke:
OHARRA
Artikulu honen bertsio luzea Eusko Ikaskuntzaren Geroa Elkar-ekin kongresuko liburu zurian argitaratuko da. Hemen irakur daiteke osorik, eta hemen dago aurkezpenaren bideoa. Bertsio laburtu honen originala, cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria, Sarean.eus webgunean.
Erantzun
Sartu