Teknologia albisteak

Munduko zubi luzeena irekiko da gaur Hong Kong-en

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-23 : 09:04

Munduko zubi luzeena inauguratzen da gaur Txinan. 50 kilometro luze da baina ez da dena zubia, 6.7 kilometro luze den itsaso-azpiko sekzio bat baitauka, eta haren mendebalde eta ekialdera, bi zubi erraldoi, handiena 29.6 kilometrokoa. Sarrera-irteerako egiturak kontuan hartuta, 54 kilometroko luzera ere zenbatu dute batzuek. Hong Kong eta Macau kolonia zaharrak lotuko ditu zubiak, kontinenteko Zhuhai hiritik igarota.

Zubiak ez du izen berezirik, ez bada lotzen dituen hirien inizialak: HKZM edo HZM, kasu batzuetan B gehituta ingelesezko Bridge (zubia) emateko: HKZMB edo HZMB. Ekialdean mutur bat Hong Kong hirian dauka, eta mendebaldeko muturra, Zhuhai hiritik igaro ondoren, Macaurekin lotzeko sortu den uharte artifizialean dauka.

Tartean, Perla Ibaiaren badia edo golkoa igarotzen du zubiak, sei erraiko autobide batekin. Macaun zein Hong Kong-en eskuinetik gidatzen duten arren, trafikoa ezkerrera aldatuta egingo da zubian, Txina kontinentalean edo Euskal Herrian bezala.

2009an hasi ziren lanak, eta 2016rako amaitu behar ziren, baina atzeratu egin dira. Aurrekontua gainditu egin da, eta lan-istripuak ere izan dira (18 hildako, datu ofizialen arabera).

Hong Kong-en estatus poliikoa berezia da eta izatez mugak dituenez Txina kontinentalarekin lotzeko, zubian ere ezarri dituzte horiek. Trafiko murriztua izango du zubiak: autobus publikoak eta garraio zerbitzuak oro har baimenduak egongo dira, baina ez taxiak, eta auto partikularren kasua baimenak urriak izango omen dira. Hong Kong eta Macauk 2000. urtean integratu ziren Txinan, Portugal eta Erresuma Batuaren kolonia izateari utzirik, baina alderdi ekonomikotik eta politikotik, berezitasun batzuk dituzte, batez ere Hong Kong-ek.

Zubiak igarotzen duen badia, Perla Ibaiaren Delta, Txinako hegoaldeko garapen handiko ingurune bat da. Milioika biztanleko hainbat hiri daude bertan, eta garapen metropolitanoa ia jarraia dam eta ingurune guztia legalki "hiri bakar" izendatzeko planak ere badaude. Hori eginez gero, 2020. urteran 100 milioi biztanle izan ditzakeen munduko lehen megalopolisa izan daiteke, baina hori bai, oso zabalera handian (39.000 kilometro koadro, Euskal Herriaren hedadura bikoitza).

Ikus argazki gehiago BBCren webgunean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago