Teknologia albisteak

Netflix ereduaren arrakastaren paradoxa: BitTorrent berriz gorantz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-18 : 10:32

P2P plataformen bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa, industriak "pirateria" deitzen duena, beherantz zihoala zirudienean, berriro goraka ari da, BitTorrent teknologiaren bitartez. Arrazoia, paradoxikoki, beherakadaren berdina izan daiteke: on-demand kontsumoa errazten duten plataformak biderkatu dira. Netflix erosoagoa da BiTtorrent baino, eta horrek BitTorrent-en ahultzea ekarri du, baina Netflixen ez dauden beste X produktu izar ikusi nahi dituzunean eta serie beste plataforma dagoenean... guztietara harpidetzea baino errazagoa da BitTorrentera itzultzea.

Netflix eta antzekoetan ikus-entzunezkoan nahi bezala kontsumitzea erraza da, prezio aldetik ez oso garestia eta katalogoaren aldetik eduki interesgarriak egoten dira. Horrela, ikus-entzunezkoen industriak aurkitu zuen eredu teknologiko bat pirateriari aurre egitekoa; ez Interneti bizkarra emanez, baizik eta Interneten gaitasunak ondo aprobetxatzen. "Pirateriaren" kontrako errezeta onena, azkenean, ez zen suertatu debekua, baizik eta ordaindutako eskaintza hobea, eta horrek azken lauzpabost urteetan bazirudien BitTorrent eta P2P-ren hazkundea geldiarazi behar zuela, baita beharbada tendentziari buelta eman eta fenomenoa gutxitzea ere.

Baina Netflix ez da plataforma bakarra, eta bere arrakastak antzeko beste eredu batzuen biderkatzea ekarri du: Sky, Amazon Prime edo HBO eredu berdinera igaro dira, eta Movistar eta beste "plataforma" batzuek ere on-demand katalogoak dauzkate. Ondorioa: katalogoak desberdinak dira, eta bereziki berritasunen eta modaren araberako kontsumoa egiten baduzu, unean uneko telesailak jarraituz, ez dago denak biltzen dituen katalogorik. Adibidez, adi Gaizka Izagirre kazetari eta telebistako iruzkingilearen aholku honi:

Lau harpidetza behar dira denak ikusi ahal izateko, eta kasu batean (Movistarren) harpidetza soila baino gehiago, Internet, telebista eta telefonoa nolabait batzen dituen kontratu astunago bat beharko duzu.

Interneteko trafiko kategoriak eta kopuruak neurtzen dituen urteroko txosten honetan ikusten da ondorioa.

Netflixen eragina izugarria da 2018ko urriko argazkian: downstream (jaisten dugun bit kopurua) trafikoaren %15 da Netflix mundu osoan, eta oro har, bideoa da trafikoaren gehiena, %58.

Aldiz, upstream bolumenean, igotzen den bit-etan, BitTorrent da nagusi, %22arekin (Europa, Afrika eta Ekialde Erdiko erregioan gehiago, %33). P2P teknologiaren trukoa baita ez dela nonbaiteko zerbitzarietatik "jaisten" edukia, baizik eta erabiltzaileen artean banatua dagoela edukia, eta hortaz, erabiltzaileen makinetatik "igotzen" da edukia, besteek jaitsi ahala.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago