Teknologia albisteak

Japoniarren bi 'rover' iritsi dira Ryugu asteroidera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-24 : 13:28

Hayabusa2 izeneko zunda japoniarretik askatutako bi rover Ryugu asteroidean pausatu dira asteburuan. Ordu batzuetako atzerapenaren ondoren JAXA Japoniako espazio agentziak baieztatu du roverrak ondo daudela asteroidean, eta mugitzeko prest daudela. Asteroidetik bertatik egindako argazkia ere zabaldu dute.

Rover bat Lurretik kanpoko gainazal batean mugi daitekeen aparailu bat da: orain arte bakarrik Marten eta Ilargian ibili dira horrelakoak. Espazioko gorputzetan izandako lurreratzeen artean, Shoemaker asteroidean ezarri zen behin NASAren gailu bat, eta baita Philae kometan ESA agentzia europarraren beste bat, baina kasu horietan lur hartutako gailuek ez zuten mugitzeko gaitasunik.

Ryugu asteroideak kilometro bat inguruko diametroa du, eta ondorioz, oso grabitate baxua du; mikrograbitatea esatea zuzenagoa litzateke. Hayabusa2 untzia asko gerturatu behar izan zaio roverrak bere gainera askatzeko, 55 metroraino. Operazio hori egin ondoren, 20 kilometroko distantzia batera jarri da Hayabusa2 eta han iraungo du 2019a arte, asteroidearen bideari jarraituz, roverren seinaleak lurrera bidaliz. 2019tik aurrera roverrak operatiboak izan daitezke oraindik, baina ez dute indarrik bere seinalea bere kasa geureraino bidaltzeko.

Minerva-II-1A eta 1B izeneko gailuak oso sinpleak dira: 18 zentimetroko diametroa duten bi disko, zazpi zentimetro garai. Roomba txiki batean pentsatu, baina are txikiagoa, ikus konparaziorako gure argazkia.

Mugitzeko ez dute oin artikulaturik edo gurpilik. Bibrazio txiki bat egiteko gaitasuna dute, gutxi gora-behera telefono mugikor batek bezala, baina mugimendu horrek, mikrograbitate egoeran, altxatu egiten ditu lurrazaletik 15 metroraino, eta inguruko beste zenbait metroko posizio batean pausatu daitezke. Sormen digitalekoa da irudi hau:

Kamerak eta beste sentsore batzuk dituzte, eta eguzki-panelak argitik elektrizitatea lortzeko.

Ryugu asteroidea 1999an deskubritu zuten eta 2015ean eman zioten izen japoniar hori, Dragoiaren Jauregia, nonbait. 16 hilabetean behin eguzkiari bira ematen dio, orbita ekzentriko samar batean, batzuetan Venus baino gertuago dela, beste batzuetan Lurra baino urrutiago.

 

 

 

Erantzun

Sartu