Teknologia albisteak

Andoni Bastarrikaren hondarrezko eskultura harrigarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-08-06 : 10:23

Andoni Bastarrika artista azpeitiarrak hondarrarekin eskulturak egiten ditu. Duela 11 urte hasi zen zeregin horretan, baina orain beste etapa batean dagoela sentitzen du: gero eta lan "errealistagoak" egiten dituela dio. Uztailean egin zuen elefanteak sekulako arrakasta izan du, bereziki.

Duela 11 bat urte deskubritu zuen Andoni Bastarrikak (Azpeitia, 1970) bere pasioa. Hondartzan haurrekin jolasean ari zela, bat-batean konturatu zen ohartzerako hondarrarekin irudiak egiten ari zela. Ordutik hondarrezko eskulturak egiten eta inguruko herritarrak harritzen dihardu, eta Urdaibako Ekoetxeak eskatuta egin duen elefantea da haren azken artelana. "Sekulako arrakasta" izan du lan horrek, Bastarrikaren arabera: "Jendea izugarri harritu da".

Busturian dago Urdaibaiko Ekoetxea, eta azken bost urteotan haientzako lanak egin ditu Bastarrikak. Lehen lan sinpleagoak egiten bazituen ere, azken bi urteotan artelan elaboratuagoak egin ditu. Iaz, marrazo bat egin zuen hondarretan, eta, aurtengoan, elefante bat egitera animatu da. Emaitza ikusgarria bada ere, prozesua ez da erraza izan azpeitiarrarentzat.

Bi egun eman zituen elefantea egiten, jostailuzko irudi txiki bat erreferentzia gisa hartuta.

Gero eta kontratatutako lan gehiago egiten ditu Bastarrikak, eta haurrentzako tailer dezente ematen ditu. Erraza ez den arren, horretatik bizitzen saiatzen ari da. "Udan eskulturak egin eta tailerrak ematen ditut, eta, neguan, etxeko lanak egiten ditut. Ezin dut jakin hurrengo urtean zer etorriko den, nire bizitza eskultura baten prozesua bezalakoa da: amaitu arte ez dakit zer irtengo den, baina jakin badakit azkenean eskultura polit bat aterako dela bide honetatik".

Artikulu honetako hitzak Uztarria agerkariko albiste honetatik jasoak daude, cc-by-sa lizentziari. Segi Uztarrian irakurtzen, Bastarrikaren hitz gehiago dituzu bertan, eta baita bere eskulturen argazki gehiago ere.

Erantzun

Sartu