Teknologia albisteak

Fermiren paradoxarentzako azalpen berri bat: bakarrik gaude eta kito

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-25 : 09:53

Zenbat zibilizazio estralurtar daude galaxietan? Galdera horri paradoxa bat proposatuz erantzun zion Enrico Fermi fisikariak 20. mendean: "Non dago jende guztia?". Galaxiak zibilizazioz beteak badaude, zergatik ez dago haien arrastorik aurkitzerik? Horixe da Fermiren paradoxa, eta erantzun batekin azaldu berri dira hiru zientzialari: bakarrik gaude, eta hori da kontua.

Fermiren paradoxaren muina da zibilizazio aurreratuek aski denbora izango zutela izarren arteko super-zibilizazioak osatzeko eta izarrak kolonizatzeko. Alegia, ez bakarrik mundu isolatu batean egon beharko lukete (gu gauden bezala, baina gure kasuan gure teknologia oso gutxi aurreratu delako), baizik eta izarretan hedatuta, eta hortaz, haien seinale eta arrastoak hedatuak beharko lukete galaxietan.

Paradoxa aztertzen saiatu diren zientzialari batzuk Sanberg, Drexler eta Ord izan dira, eta estralurtarren kontuetan fama duen beste kontu batetik abiatu dira: Drake-ren ekuaziotik.

Drake-ren ekuazioa Frank Drakek asmatu zuen 1961an, eta kalkulu probabilistiko bat da. Zenbat zibilizazio? ba faktore murrizketa baten arabera kalkulatzen saiatu zen. Hainbat izar bada galaxian, eta "egokiak" honako portzentaia badira, eta Lurreko bezalako baldintzak dituzten planetak... hau da ekuazioa (itsatsi dugun irudian ere agertzen da), eta Wikipedian ondo azaldua dago faktore bakoitza euskaraz.



Normalean Drakeren ekuazioaren araberako kalkulu gehienetan, zibilizazio kopuru handiak lortzen dira, eta ikuspegi hori zabaldu zuen bereziki Carl Sagan zientzialariak, 20. mendeko bere dibulgazio lan ezagunean (Cosmos).

Sanberg, Drexler eta Ord-ek Drakeren balioei begiratu diete, bereziki faktore ezezagunenei. Faktore ezezagun horiek, hain zuzen ere, gertuen ditugu. Izarretan Lurra bezalako zenbat planeta egon daitezkeen gero eta zehatzago dakigu, baina Lurrean, hemen, bizitza sortu zela eta izaki inteligenteak garatu direla jakin dakigun arren, gertaera honen probablitatearen gainean apenas dakigun ezer. Horregatik, faktore hauen balioak berriz kalkulatu dituzte, muturreko posizio estatistikoak erabiliz: "Gure jakintzaren arabera, zein da faktore honek izan dezakeen balio handiena edo txikiena". Hau da, ez dute ustezko balio bat asmatu, baizik eta saiatu dira balioen esparru bat kalkulatzen.

Balio anitzekin, emaitza asko irteten dira, jakina, batzuetan zibilizazioak agertzen dira, eta beste batzuetan ez. Baina emaitza multzoari begira, %30ean ez da agertzen beste zibilizaziorik. Hortaz, oso posible da bakar bakarrik egotea.

Azterketa orijinala, hemen. Ikerketa bultzatu duen erakundea, Future of Humanity Institute, Gizateriaren Etorkizunaren Institutua.

Erantzun

Sartu