Anthony Bourdain hil zen ostiralean. Sukaldaria ofizioz, telebistako sukaldaritza dibulgatzaile bezala egin zen ezaguna, eta baita ere idatzitako liburuetan. Euskal Herria eta gure sukaldea maite zituen, eta bereziki, Donostia (Juan Mari Arzak lagun handitzat zuen). Irudian, eskuineko buruzuria da.
CNNrako egindako programen artean, Parts Unknown delakoan Donostiari eskaini zion atala azken denboraldian, 2017an. Atal hori Torrent-etan aurki daiteke jaisteko, hemen adibidez. Programan agertzen zitrn ohiko susmagarri batzuk hala nola Juan Mari eta Elena Arzak, eta besteren batzuk akaso ez hain ohikoak, Edorta Jimenez idazlea adibidez (euskarazko bere hitz batzuekin hasten da atala).
Programaren webgune ofizialean ere Donostiari buruzko atal berezia dago, klip batzuk barne. Pilota jokoa flamenko musikarekin nahastea, adibidez, bitxia iruditu zaigu. Beste batzuei atentzioa deitu die CNNren promozioetan Euskal Herriko mapa osoa agertzea Europan kokatua.
Webgunean ez bakarrik Bourdainen hitzak, beste kolaboratzaile batzuek ere atal desberdinak osatu dituzte. Adibidez, Kevin Patriciok idazten du sagardotegiez, Markel Redondoren argazki ederrekin.
Donostiako azken bisita horretan egindako "kanpo anotazioetan" anekdota bitxi bat ere kontatu zuen Bourdainek: Madrilen zela duela urte batzuk, primerako jatetxe batean, amaitzean bi sukaldari nagusiak gerturatu zitzaizkion, ea ondo jan zuen. Baietz, berak, eta ondoren elkarrizketa hau garatu zen.
- Señor Bourdain, irakurri dugu zure liburua, eta zu Espainiara etortzea zoragarria da denontzat. Baina jendeak gauzak esaten ditu... esamesak daude, zuri buruzkoak.
- Benetan?
- Bai. Jendeak dioenez, gogokoegi dituzu euskaldunak.
Elkarrizketak nola jarraitzen duen ez du esaten Bourdainek, baina artikulua honela amaitzen da: "Euskaldunei, beren kulturrari et lagunei diedan maitasuna guztizkoa da. Espero dut barkatuko didatela hori. Baina ez badidate barkatzen, biziko naiz karga horrekin, alafede."
Erantzun
Sartu