Teknologia albisteak

Euskal Herriko mendien zerrenda eta izendegi eguneratua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-17 : 10:30

Euskal Mendizale Federazioak mendien katalogo berritua argitaratu du, Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Euskal Herriko eta inguruko 900 mendirik garrantzitsuenen izendegia biltzen du, kokapen, garaiera eta izen ofizialarekin. 1950ean argitaratu zen lehenengoz Mendien Katalogoa; harrezkero hauxe dugu hamabosgarren argitaraldia.

Euskal Herriko gailur garrantzitsuenak biltzen ditu argitaratu den katalogoak. Euskal Herriko 597 mendi agertzen dira zerrendan, eta baita gure mugetatik kanpoko beste 323 mendi ere (Pirinio eta Iberiar Penintsulakoak). 1950ean lehenengo aldiz argitaratu zenetik, Euskal Mendizale Federazioak bere aldizkari Pyrenaica-ren bidez plazaratu eta eguneratzen du mendien katalogoa. Mendien zerrenda lurraldeka sailkatzen da eta gailur bakoitzaren oinarrizko informazioa eskaintzen du. Tontor horiek dira, hain zuzen ere, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri diren gailurrak. 

2018ko hau katalogoaren hamabosgarren edizioa da. Liburuxkak 110 orrialde ditu eta bi mapa ere badaramatza, Euskal Herrikoa bata eta Penintsulakoa bestea.

Oraingo honetan ere, Euskal Herriko mendi federazioak Euskaltzaindiaren laguntza izan du izendegi ofiziala zehazteko orduan. 1990eko katalogoan hasi zirenetik, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen laguntza jaso du Mendi Federazioak toponimoen idazketa zuzena bermatu ahal izateko. Mendien zerrendak euskal mendizaleen tradizioaren arabera apailatzen dira eta horretarako adituak mendizaletasunaren nahiz geografia alorraren munduan bilatzen dira. Baina, era berean, leku izenei eman behar zaien itxura grafiko zuzena erabakitzeaz Euskaltzaindia arduratzen da.

Euskal Herritik kanpoko mendien lerrokadetan modu berean jokatu ohi da. Alegia, leku izen aragoiar, asturiar, katalan, galiziar, okzitaniar eta abarren idazkerak, dagozkien hizkuntzen irizpide akademikoen arabera idatzita agertzen dira katalogoan. Idazkera horietako batzuk gure artean ohikoak ez badira ere, ondare toponimikoaren babesa ez ezik, hizkuntza horien beraien ikusgarritasuna ere bultzatu nahi izan delako katalogotik. Izendegia Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsulta daiteke. 

Gogoratu hor dituzuela baita ere Euskal Herriko Mendiak, Mendiak aplikazio eta webgunean.

 

 

Erantzun

Sartu