Teknologia albisteak

Gure planetak jarraitzen du berotzen: 2017 izan da neurtu den 2. urterik beroena, El Niñorik gabeko beroena #AldaketaKlimatikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-22 : 13:57

2017ko datu ofizialak argitaratu dituzte asteburuan eta, zoritxarrez, ez dago albiste onik. 2017a izan historiako 2. urterik beroena (eta El Niño fenomenorik gabeko beroena). Historiako 3 urterik beroenak azkenak izan dira (2015-2017), eta 5 beroenak 2010etik aurrera gertatu dira. Ozeanoen tenperatura ere, inoiz baina altuagoa izan da 2017an. Berotze globalak ez du ematen atsedenik. Aldaketa klimatikoa aurreikusten duten modelo guztiak nahiko katastrofikoak dira, baina motz geratzen dira urtero urtero. 

Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO), NOAAk eta beste zenbait erakundek eman dituzte azken datu ofizialak, urtean zehar aurreikusten zena baieztatzera datozenak: aldaketa klimatikoak eta berotze globalak ez du atsedenik. Historiako 2. urterik beroena izan da iazkoa, eta El Niño fenomeno atmosferikorik gabeko beroena. Ozeanoen tenperaturari dagokionez ere, gorantz jarraitzen du eta inoiz baino tenperatura altuagoa izan dute 2017an zehar.

Errekorrak metatzen jarraitzen dugu, gainera. Historiako 3 urterik beroenak azken hirurak izan dira (2015-2017), eta 2001. urteaz geroztik igaro diren 17 urteak izan dira sekula neurtu diren beroenak. WMOren iritziz, datu hauek berresten dute aldaketa klimatikoaren aurka hartu diren neurriek ez dutela oraingoz eraginik lortu eta planeta gero eta beroagoa dela. 

Berotze hori planeta osoan nabari da eta, bereziki, Artikoan. Goiko irudian azaltzen dira 2017ko tenperatura, 1981-2010 tartekoekin alderatuta. Artikoko eskualde batzuetan ohikoa baino 5-6 gradu gehiago izan dituzte iazko urtean zehar.

NASAren Twitter kontuan bota dituzten bi animazio hauek aski argigarriak dira. 

Erantzun

Sartu