Erabiltzaile gehienok gutxi erabiltzen baditugu ere, Twitterrek baditu bilaketa-emaitzak hobetzeko aukerak, bai iragazkiak erabilita, zein bilaketa aurreratuaren lehiatilaren bidez. Egunero argitaratzen diren milioika txioen artean aurkitu nahi duzun horretara iristeko bidea izan daitezke.
Azken estatistikek diotenaren arabera, segunduro 6.000 txio argitaratzen dira, 360.000 inguru minutuko, 500 milioi egun bakoitzeko. Azken urtean, gutxi gorabehera, 200.000 milioi txio argitaratu ditugu txiolari guztion artean. Informazio uholde horren barruan bilaketak egitea ez da erraza izaten, Twitterrek bilatzaile ahaltsu eta arina daukan arren. Horregatik, Twitterrek berak beste bi aukera ere eskaintzen ditu, ez horren intuitiboak.
Batetik, eta hauxe da beharbada ezagunena, bilaketa-emaitzak fintzeko aukera dauka, horretarako 3 iragazki erabilita. Behin bilaketa arrunt bat egin ondoren (eta ordenagailutik sartu bagara), ezkerreko zutabean ondorengo 3 iragazkiak agertuko zaizkigu:
Mugikorrean ere bada iragazkien aukera hori, nahiz eta pixkat mugatuagoa den. Kasu horretan ere, bilaketa arrunt bat egin ondoren agertzen dira iragazkiak.
Bestalde, bilaketa aurreratuak egiteko aukera ere eskaintzen du Twitterrek. Iragazkien ondoan agertzen da, ezkerreko zutabe horretan, iragazkien azpiko esteka txiki batean.
Kasu honetan, bilaketak are gehiago zehazteko aukera dago, hitz multzo bat bilatzeko, hitz batzuk bilaketatik kentzeko, hizkuntza eta kokapena zehaztuz, bakarrik txiolari baten (edo batzuen) txioen artean bilatuz, eta garrantzitsuena, data jakin biren artean murrizteko gure bilaketa.
Esan bezala, Bilaketa aurreratuaren lehiatilan dago aukera hau.
Ez kasu batean eta ez bestean (ez iragazkietan, ezta bilaketa aurreratuan ere), ezingo ditugu euskarazko txioak aurkitu. Hau da, Twitter ez da gai euskarazko txioak detektatu eta zerrendatzeko. Beste 50 hizkuntza ditu bere aukeretan, baina ez euskararik (Twitterreko interfazea euskaraz dagoen arren).
Zorionez, euskaldunok badugu Twitterreko euskarazko jarduna batu eta aztertzen duen zerbitzu paregabea, munduko hizkuntza gutxik (ba ote besterik?) daukatena: Umap.eus. ;)
......................
Goiburuko irudia: Pando.com.
Erantzun
Sartu