Aspalditik da ezaguna (greziarren garaitik), baina oraindik ere harritu egiten gaitu. Egia baita, ur beroa lehenago izozten dela ur hotza baino, beti ez bada ere, bai baldintza jakin batzuetan. Mpemba efektua deritzo ustez logikaren aurkakoa den fenomeno horri. Fenomenoa bera ezaguna izan arren, noiz eta zergatik gertatzen den ez dago oraindik erabat garbi. Ikerlari talde batek argi pixka bat ekarri du gai horren inguruan, fenomeno fisikoari marko teorikoa ezarriz.
"Zer izozten da lehenago, ur hotza edo ur beroa?", horrelako galderaren bat egiten badizute, adi egon, erantzun logikoena ez baita beti zuzenena. Izan ere, baldintza batzuetan, ur beroa lehenago izozten baita hotza baino. Aristotelesek aipatu zuen bitxikeria hau lehenengoz, duela 2.500 urte inguru, baina Erasto Mpemba gazte tanzaniarrari zor diogu efektuaren izena. 13 urte zituela, Tanzaniako bere herriko eskolan izozkia egiten hasi zirenean, konturatu zen esne bero-beroa zuten ikasleek lehenago lortzen zutela izozkia gogortzea (hau da, likidoa izoztea). Urte batzuk geroago, batxilergoan zela, fisika irakasle bati galdetu zion ea hori zergatik gertatzen zen. Irakasleak ez zion sinetsi, baina esperimentu batzuk egin ondoren baieztatu zuen horrela zela, eta harrezkero, Mpemba efektua izenez ezagutzen da fenomeno berezi hori (gaztelaniazko Wikipedian dago zehatz azalduta Mpembaren historia osoa eta Mpemba berak ere azaltzen du Youtubeko bideo honetan).
Efektu hori badela, beraz, ezaguna da aspalditik, baina noiz eta zergatik gertatzen den ez dago hain garbi. 2017an, bi ikerlari-taldek argi pixka bat ekarri dute, eta zientifikoki azaldu ahal izan dute zergatik gertatzen den logikaren aurkakoa dirudien prozesu fisiko hori. Lu eta Raz bikotearena da lanetako bat; Antonio Lasanta ikerlariaren lantaldearena bestea. Zientzilariek marko teorikoa ezarri ahal izan diote Mpemba efektuari. Ikerlarietako batek azaltzen du ondorengo bideoan zer egin duten.
Azalpen zientifiko sakonagoa nahi duenarentzat, hemen sarean aurkitu daitezkeen bideoetako bat.
...............
Irudia: Cazatormentas.com.
Erantzun
Sartu