Teknologia albisteak

Ikus-entzunezkoen sorkuntza digitala: nazioarteko eta Euskal Herriko esperientziak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-25 : 09:02

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz proiektuan, beste ekimen batzuen artean, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzekoa dago, eta horren baitan, Tabakaleran "euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera bultzatzeko faktoria" abian jartzea da ideietako bat. Faktoria horrekin lotutako lehen proiektu pilotuen abiatzea urriaren 31ko jardunaldi batean aurkeztuko dituzte.

Jardunaldia datorren urriaren 31an egingo da, Orona-Ideon (Gallery eraikinean. Jauregi bidea, z.g. Hernani), izenburu honekin: Ikus-entzunezko sorkuntza arrakastatsua digitalizazioaren aroan: nazioarteko eta Euskal Herriko esperientziak. Europan arrakasta gehien izan duten telesail, eredu eta proposamenen berri emango digute hainbat adituk eta Euskal Herriko puntako esperientziekin kontrastea egiteko aukera izango da.

Bertan izango dira, besteak beste, Elena Puigrefagut, Europako telebista publikoen elkarteko (EBU) teknologia eta berrikuntza arduraduna; Salla Rosa- Leinonen,  Finlandiako telebista publikoan (Yle) crossmedia eta transmedia estrategien arduraduna; Ingvill Marie Nyborg ekoizle norvegiarra, Skam telesail entzutetsuaren sortzailea¸ eta Anthony Browne, BBCko ekoizlea.

Euskal Herriko zenbait esperientzia aurreratu ezagutzeko parada izango da, baita ere, eta, besteak beste, Gipuzkoako nerabeen (12-16) ikus-entzunezko kontsumo ohiturak ikerketa aurkeztuko du EHUko ikerlari Ainhoa Fernandez de Arroyabek.

Eta ondoren, proiektu pilotu horien nondik norakoa azalduko dituzte hiru lagun hauek:

  • Josu Bilbao. Euskal Irrati Telebistako (EITB) fikzio-edukien arduraduna. Go!azen telesaila: proiektu transmedia baten sorrera.
  • Jokin Etcheverria (Jok-Films ekoiztetxekoa), Next Station lehiaketaren koordinatzailea. Euskarazko webserie baten ekoizpenerako lehiaketa.
  • Luistxo Fernandez (CodeSyntax): JarriON, euskarazko ikus-entzunezkoen Chromecast aplikazioa.

Urriaren 31n, asteartearekin, goizeko 9.30etatik 14.00etara da jardunaldia (ikus egitaraua hemen), baina arratsaldean Ingvill Marie Nyborg ekoizle norvegiarrak tailer bat gidatuko du. Interesekoa izanez gero, jarri harremanetan jardunaldiaren antolatzaileekin.

Horretarako edo jardunaldian izena emateko, 943 112 394 zenbakian edo nurruzmendi a bildua gipuzkoa.eus e-posta helbidean.

Erantzun

Sartu