Euskara eta Twitter izeneko azterketa bat egin du Simon Setienek EHUko master amaierako lan gisa, eta sarean argitaratu du, Argiak jakinarazi duenez.
Setienek CodeSyntax-ek prestaturiko Umap zerbitzuaren datuak ere erabili ditu ikerketarako, baina ikerketa batez ere motibazio eta erabileraren azalpenean zentratu da, eta horretarako elkarrizketa multzo handia bat egin du Setienek.
"Emaitzek iradokitzen dute", dio Setienen txostenak, "euskal txiolarien komunitatea trinkoa, ikusgarria eta aktiboa dela eta arrazoi informatiboak gailentzen direla erabileran. Hala ere, ez da komunitate isolatu bat eta audientziaren eta testuinguruaren arabera hizkuntza erabilera aldatzen dute. Gainera, euskararen erabilera ez da arrazoi nagusi bat Twitter kontuak jarraitzerako orduan."
Hain zuzen ere, informazio jarioa da motibazio nagusia Twitter erabiltzeko, batez ere jasotzeko (erabiltzaileen %85arena), baina bata norberak elkarbanatzeko ere (%57).
Era berean, Twitterren norbait jarraitzeko motiboetan euskararen erabilpena faktore minoritarioa da, kontuaren interesa inportanteagoa da.
Baina euskara ez bada follow-faktore nagusia, eta hala ere, euskarazko komunitate bat egon badago, "honek aditzera ematen du erabiltzaile portzentaje handi batek informazio eta gustuko duen eduki hori euskaraz aurkitu dezakeela. Izan ere, euskal txiolarien komunitatea ikusgai ez balego, erabiltzaile aktiborik ez balego eta euskarazko eduki gutxiago balego agian euskararen erabilera arrazoi nagusiagoa bilakatu zitekeen."
Eta informazioa euskaraz egon badago, jendeak naturaltasunez egiten duelako da; horixe da beste emaitza-grafiko honek adierazten duena:
Honela azaltzen du Setienek: "Twitterren euskararen erabilerari dagokionez, parte hartzaile gehienek euskara erabiltzen dute beren ama hizkuntza delako eta naturala egiten zaielako. Halere, hizkuntza atxikimenduarekin lotutako zergatiak eta sentimenduak aurkitu dira euskara erabiltzeko orduan. Gainera, Twitterren egiten den euskararen erabilera kaleko erabilerarekin konparatu daiteke." Eta konparazio horretan, kalean ikusten den desoreka ere agertzen da, gauza bat dela ezagutza, eta beste bat erabilpena, murritzagoa. "Twitterren nahiz eta komunitate trinkoa, ikusgarria eta aktiboa izan eta euskara erabiltzeko aukera izan komunitate horretan, askotan, txiolariek ez dute euskaraz egiten euskara jakin arren."
Simon Setienen azterketa hemen aurkituko duzu osorik.
Twitterreko euskarazko komunitatearen jarraipena egiten duen tresna nagusia Umap da, dakizuen bezala. Umap-ek 30.000 txiolari jarraitzen ditu: horietarik 10.000 inguru aktibo izan ohi dira hilero, eta horien artean 2.500 oso aktiboak eta nagusiki euskaraz txiokatzen dutenak.
Erantzun
Sartu