Teknologia albisteak
1

"Sorginetxe istorioak", Fernando Morillo idazlearen Youtube kanal berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-07 : 12:01

Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) idazle ezaguna da, batez ere haur eta gazteentzako literatura landu duena. Gazteengana errazago hurbiltzeko Youtube kanala inauguratu berri du. Bere webgunean eta bideo baten bidez eman ditu arrazoiak eta azalpenak: "material gehiago behar genuke euskaraz, bidexkak, istorioak eta batez ere bideoak. Bideoak etengabe, bideoen unea omen delako. Eta euskal gazteek bideoak irensten dituzte, baina inoiz gutxitan euskaraz. Ados. Mezua jasota. Zerbait egin nezakeen? Kexatzeari utzi eta horixe: egin. Asmatu, esperimentatu, salto egin. “Sorginetxe istorioak“, esate baterako. Hementxe aurkezten dizuedan proiektu pertsonala".

Morillok bere webgunean eman ditu azalpen gehiago, zergatik sortu duen Youtube kanal berria, zer lortu nahi duen, eta zergatik den garrantzitsua euskarazko "beste" eduki mota bat sortzen hastea (hurbilagoa, informalagoa, gazteek darabiltzaten bideetan zabaldu daitekeena,...). Azpian duzuen bideo honen bidez egin du kanal berriaren aurkezpena eta behean jaso ditugu "Sorginetxe istorioak" webgunean eskegi duen aurkezpena. Kanala oraintsu iragarri duen arren, dagoeneko hogeitik gora bideo aurkituko ditugu bertan; garbi dago udan lanean aritu dela idazlea. 

"Mundua aldatu egin da, gaztiek beste formatu batzuetara lerratzen dira itsuan, eta logikoa da. Bideoak dira nagusi, eta txalupa hori ezin du galdu euskarak. Bideo gehiago behar ditugu, ezberdinak, anitzak, eta hurbilak" dio bere aurkezpen-bideoan Morillok. Zorionak eta animo youtuber ibilbide berrian, Fernando!

“Sorginetxe istorioak”, funtsean, istorioen erreinua izango da (gaineko bideoetan gehixeago). Edonolako istorio, euskaraz eta bideoetan. Hementxe bilduko eta kontatuko ditut bazter orotan gordetzen diren eleak. Jasoak bezala asmatuak, kondairak bezala elkarrizketak, pasadizoak, pertsonaia historikoak edo teknologia kontuak. Irudimenak besarka edo aska dezakeen edozer.

Askotariko gaiak hartu ditut jada: mitologia, Antton Abbadia, euskal piratak, Albert Einstein, Marie Curie, Leonardo da Vinci, artea, animaliak, Irakurketa Erraza, audioliburuak edo sormen zuzena… Dena esperimentala, nolabait esatearren, ikaste prozesurako beharrezkoa. Bidean gehiago dira dagoeneko.

Zergatik behar diren euskal youtuberrak

Euskal mundua txikia dugu. Hori badakigu. Euskal irakurleekin bide luzea dago horrexegatik, eta oraindik ugaritsuago bihurtzeko dagoen txokoa da. Badago zer egiterik laguntzeko? Bai!

Zorionez beste aukera batzuk sortzen ari dira. Euskaldun askori kosta egiten zaio euskaraz irakurtzea… baina ez hitz egitea! Ez entzutea! Hiztunak baditugu behar (eta akaso maite!) adina, eta jaiotzen ari den mundu honek, bideoen mundu berri honek, kristoren aukera ematen du. Bizia da oso, bat batekoa, zuzena eta bereziki hurbila. Euskarak hori guztia badu jadanik. Aprobetxa dezagun! Interesgarria bezain dibertigarria izan liteke, eta nahiko premiazkoa dugu gainera.

Erantzunak

2017-09-07 : 14:00

Aaaaa! Bidaltzeko zerrenda egitean zuek sartzea ahaztu! Hala ere hementxe, fin-fin.
Eskerrik asko "harrikada" hau zabaltzen laguntzeagatik. :)

Erantzun

Sartu