Gaur gauean (Ameriketako ordua) hasiko da Tronu Demaren (Game of Thrones) denboraldi berria. Zazpigarren denboraldia izango da; ziurrenik, azkenaurrekoa. Euskaldunontzat ere badu zeozer berezia, aurtengo denboraldian Gaztelugatxe (Bermeo) eta Itzurun (Zumaia) azalduko direlako telesail ezagunean. Izan ere, George R.R. Martinek irudikatutako unibertsoa gugandik gertu dago sarri asko. Baina non daude zehatz Meereen eta Dothrakien itsasoa? Non Volantis, Dorne edo Braavos? Non dago Erregeren Lehorreratzea? Hona hemen argazki-galeria eder pare bat.
Azken urtean zehar inoiz baino gehiago aipatu izan dugu Tronu Dema telesaila Euskal herrian. HBO kateak ekoizten duen telesaileko lantaldeak aste bete inguru igaro zuen Gipuzkoa-Bizkaian joan zen udazkenean, eta zalaparta mediatiko izugarria izan zuen euskal hedabideetan (eta zer esanik ez Bermeo eta Zumaia aldean). Lehenago ere grabatu zituzten zenbait irudi Euskal Herrian (2015ean Bardeetan), nahiz eta orduan oihartzun txikixeagoa izan zuen grabazioak. Irudi gutxi batzuk ere aurreratu dituzte, non dragoiak ikusten diren Itzurun gainean hegan.
Bardeak, Itzurun edota Gaztelugatxe Tronu Demako unibertsoko kokaleku bihurtu diren moduan, munduko beste hainbat leku eder ere azaltzen dira telesailean, noski. Izan ere, non daude, benetan, Braavos, Volantis edo Dorne? Non Yunkai, Meereen edo Astapor? Non Iparra, Erregeren Lehorreratzea edo Dothrakien Itsasoa? Bada, kasu askotan, uste baino gertuago (nahiz eta gainetik photoshop geruza ugariz jantzita ageri diren).
Iparreko irudi gehienak (The North, Stark familiaren ingurumariak, Winterfell) Eskozian eta Irlandan grabatuta daude; Hesitik harantzakoak (Beyond the Wall) Islandian nagusiki. Daenerysen ibilerak, aldiz, Europa hegoaldean eta Marokon grabatu dituzte: Lokrumen (Qarth), Essaouiran (Astapor), Ait-Ben-Haddoun (Yunkai), Osunan (Meereen) edo Bardeetan (Dothrakien Itsasoa). Sartaldeko hainbat kokapen ere Mediterraneoan grabatu dituzte, hala nola, Braavos (Girona eta Sibenik), Dorne (Almeria eta Sevilla), Horn (Canet de Mar) edo Volantis (Cordoba). Telesailaren erdigune den Erregeren Lehorreratzea (Kings Landing), aldiz, batez ere Dubrovniken, baina baita Spliten eta Maltan ere, besteak beste.
Sarean murgil eginda badira zenbait galeria interesgarri, noski. Cnet.com webgunean bada galeria eder bat, adibidez. Gainera, benetako irudien gainean telesailetik ateratako frameak gainjartzen dituzte, konparaziorako (goiburuan erabili dugun irudia ere bertakoa da). Skyskanner webgunean ere bada beste galeria gomendagarri bat. Eta Googleren beste post/galeria honetan ere informazio zabala dago, argazki ederrekin batera, eta baita kokalekuak GoogleMapsen eta StreetView-en ikusteko aukera ere. On egin!
Gaur hasiko den denboraldi berriaren trailerrean ere agertzen da Zumaiako Itzurun hondartza, dragoi hegalarien itzalpean. Honatx:
Erantzun
Sartu