Teknologia albisteak

Ikusi hegaztien habietako bizitza, zuzenean, webcam bidez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-12 : 09:04

Teknologia berrien aplikazioak amaigabeak dira, edonon ikusi ditzakegu azken berrikuntzei esker lortu diren erabilera berriak. Hegaztien behaketa da alor horietako bat. Webcam-en eta konexio moduen hobekuntzari esker, gero eta ohikoagoak dira hegaztien habietako bizitza zuzenean ikusteko aukerak. Etxean zaudela, mundu osoko hegaztien habiak ikus ditzakezu, gurasoak bertan direla, arrautzak berotzen, kumeak elikatzen,... Uztailerako bukatzen ari da kumaldi garaia, baina oraindik ere bota daiteke begiradatxo bat munduan zehar kokatuta dauden habietan. Kumeak ere koskortuta daude honezkero. Ondo ikusten dira euren lehenengo hegaldiak eta gurasoen azken zaintzak.

Duela 10 urte salbuespena zena, erabat arrunt bihurtu da gaur egun. Elkarte ekologistek, Ornitologoek edota Unibertsitateek jarritako webcamak dira, oro har. Zuzeneko informazioa jaso eta ikerketak burutzeko, batetik; hegaztienganako zaletasuna eta maitasuna zabaltzeko, bestetik. 

Esan daiteke munduan zehar milaka webcam daudela jarrita. Kumaldian jartzen dira kamarok, gehienbat; udaberrian, kumatze-prozesua jarraitzeko eta txitoen ibilerak ikusi ahal izateko. Kumatze-denboraldia bukatzen ari da dagoeneko, baina oraindik irudi politak ikus daitezke habia askotan; batez ere kumaldi luzeagoa duten harraparien kasuan, non sai, arrano edo miru gazteak koskortuta dauden baina oraindik ere gurasoen babesean bizi diren. 

Munduan zehar dauden webcamak aurkitzeko bilatzaileak ere badaude, edo informazio zabala jasotzen duten webguneak. Besteak beste, Royal Society-rena, Wild Life Trust-ena, Cornell UnibertsitatearenaVogelbescherming eta Viewbirds webguneak, Espainiako Ornitologia Elkarteak ipinitako kamerak,... Mundu osoko hegaztiak ikusi daitezke gainera, berdin Eskoziako arrano arrantzalea, Hawaiiko albatrosa edo Californiako kondorra (pazientzia: baliteke hegaztiak habian ez egotea, edo ordu-aldaketarengatik kamerak beltz ikustea).

Adibidez, hona hemen Europako harraparirik urrienetako bat, sai beltza (Aegypius monachus), Rascafrían (Guadarrama, Madril, Espainia) daukan habian. Aurtengo kumea majo koskortuta dago honezkero. Laster utziko du gurasoen babesa. 

 

Erantzun

Sartu