Aste honetan argitaratutako artikulu zientifiko bik Homo Sapiens gure espeziaren antzinatasuna "atzeratu" dute. Aurkikuntza espekatkularrena 300.000 urteko Marokoko Sapiens aztarnak izan dira, baina ikerketa genetiko batek ere antzeko panorama bat agerrarazi du.
Duela gutxira arte, kontsentsua zen gure espeziaren lehen urratsak 200.000 urte inguru izan zirela, eta Afrikan izan zirela. Gizaki horietarik batzuek, agian duela 80.000 urte inguru Afrika utzi eta gainerako kontinenteak populatu zituzten.
Teoria honen bigarren parteak bere horretan dirau. Ez-afrikarrok Afrikatik gatoz, eta geure artean ahaide estuagoak gara gainera. Europar, asiar, aborigen australiar, edo amerindiarrak... denok gara Afrikatik kanpora joan zen multzo haren ondorengoak. Multzo horren ondorengoek, gainera, beste giza espezie batzuek ordezkatu zituzten Eurasian: neandertalak eta berrikiago identifikaturiko Denisova hominidioak.
Kontua da, Afrika barruko panoraman agertu direla datu berriak. Eta nagusiki, bat: 200.000 urteko antzinatasuna barik, askoz lehenagokoa izan daitekeela itxura modernoko Sapiens homininoen agerpena.
Marokoko Jebel Irhoud aztarnategian, tresnak eta giza-fosilak aspalditik ziren ezagunak, baina orain datatu egin dituzte, eta 300.000 urteko antzinatasuna izan da espero ez zen emaitza. Argitaratutako artikuluak aurkitutako buru-hezurren itxura "modernoa" (hau da, Sapiens tankera) nabarmentzen dute, gehiago aurpegian garunaren forman baino, baina horrekin ere ezaugarri horiek gertuago jartzen dute gizaki hau geure leinuarekin, ezen ez Neandertalek edo garai bertsuko beste Homo forma batzuekin. Goiko irudiko garezurra da Marokoko 300.000 urteko Sapiens horietako batena.
Era berean, konparazioz, 260.000 urteko beste aztarna afrikar batzuk (Hego Afrikakoak, kasu honetan, Florisbad-eko garezurra esaten zaiona), Sapiens-arekin lotu dute ikerketa berean. Hona aurkikuntzari buruzko informazioa Elhuyarrek emana.
Jakin ezazue, dena dela, denek ez dutela ontzat hartu Jebel Irhoud-ekoa. John Hawks paleoantropologoak, Homo Naledi espeziaaren aurkitzaileetako batek, artikulu eszeptiko bat idatzi du: bere ustez, "aurpegi modernoa" izate hutsagatik, Atapuercan aurkitutako Homo Antecessor ere izenda zitekeen Sapiens-aren "aldagai" bezala, eta hori ez da posible (1.2 eta 0.8 milioi arteko Europako espezie bat da Antecessor hau, agian Neandertalen arbasoa, ez ordea gu Sapiens-tarrona.)
Astean agertu den beste azterketa Hego Afrikako zenbait giza-genoma zahar eta berriren konparaketa bat da.
Nagusiki, Hego Afrikako Khoisan herrien berezitasun genetikoa argitzera etorri da azterketa hau. Gaur egunean, Kalahari basamortuaren inguruetan bizi diren gutxiengo batzuk dira Khoi eta San herriak, ehiztari-biltzaile izan direnak duela gutxira arte. Itxuraz eta hizkuntzaz, desberdinak dira inguruan dauzkaten herri Bantuetatik: hauek nekazari eta ganaduzaleak dira, eta garai historikoki ezagunetan nagusitu dira Hego Afrika osoan.
Kontua da, Khoisan eta Bantu genomen artean ahaidetza urruneko bat antzeman zitekeela, baina azterketa berri honetan, ahaidetza hori zein urruna den zehaztu ahal izan da: agian 260.000 urtekoa!
Nola liteke? Aztertutako genomen artean duela 2.000 urteko Hego Afrikako aztarna batzuena dago: Ballito Bay-ko mutila deitu diote, eta gaurko Khoisan jendearen arbaso bat dela argi erakutsi du genomak. Baina beste zerbait ere erakutsi du: 2.000 urte hauetan, Khoisan jendea nahastu egin dela Bantuekin (eta Bantu herrien bidez, iparralderagoko aztarnak ere jaso dituzte geneetan, baita Eurasiako gizakienak), eta aldiz Ballito Bay-ko mutila "garbiagoa" da, nahasketa horiek gertatu baino lehenagokoa. Eta hain zuzen ere, hor agertu da denbora dibergentzia: Khoisan zahar haiek beste populazio afrikar batzuekin konparatuta, batzuen eta besteen leinuak duela 260.000 urte banatu zirela.
Grafiko honek erakusten du azterketa honetatik marraztu duten Sapiens desberdinen barne-zuhaitza (behean esplikatzen dugu):
Ezkerreko adar "marroiak", txikia izan arren, bere baitan hartuko luke Afrikaz kanpoko populazio osoa. Eta talde hori bereiztu zen adar afrikar handiago batetik duela 80.000 urte inguru.
Aldiz, grafikoaren eskuineko adar gorri eta moreak dira Hego Afrikako Khoisan populazioei dagozkienak, eta hauen artean desberdintasun zaharrak egon arren, gainerako afrikarrekin bereizte data antzina-antzina kokatzen da, duela 260.000 urte inguru.
Era berean, grafikoaren beheko barra horizontal berde eta urdinek adierazten dute gaurko Khoisan jendearen genomentan beste afrikar populazio batzuen eragina gertatu dela, baina nahiko berria dela hori, azken 2.000 urtetakoa.
Erantzun
Sartu