Mundu guztian Microsoft-en Windows sareak jo dituen WannaCry ransomware eraso hori dela eta, galdera zuzendu digu erabiltzaile batek: horrelako eraso bat ezin zaio egin Ubuntu sistema eragileari? Zergatik dago Ubuntu ustez libre: minoritarioa delako (interes gutxikoa horrelako gaizkileentzat, hortik diru gutxi aterako dutelako) ala benetan immune delako horrelako erasoetara? Galdera horiei erantzuten saiatuko gara.
Kasu honetan arazoa gehiago etorri da eguneraketa faltagatik, izan ere Microsoftek duela hilabete batzuk publikatu zuen arazo hau ekiditeko partxea. Hala ere Windows erabiltzaile askok ez du sistema eguneratu eta horrek ekarri du arazoa.
Baina badaude hainbat arrazoi objektibo kasu honetan eta beste askotan Ubuntu erabiltzeko:
- Erabiltzaile kopurua txikia denez oraingoz, ez da gaizkileen jomuga izaten. (Argudio tranpa da hau, Ubuntu erabiltzaileak handitzen badira jomuga bihurtuko delako)
- Sistemako baimen kudeaketa Windowsek baino askoz garbiagoa dauka, mugatuago dago erabiltzaile arrunt batek (eta birus batek) egin dezakeena.
- Linuxen kodea irekia da eta teorian begi gehiagok aztertu dezake kodea, erroreak eta segurtasun zuloak aurkitu ahal izateko. Gainera segurtasun arazoak detektatzen direnean horien kudeaketa egiteko prozedura zehatz eta ezagunak daude. Windowsen kasuan, pertsona gutxi batzuk aztertu dezakete kodea eta segurtasun zulodun softwarea publikatzea _printzipioz_ errazagoa da.
- Instalatzen diren aplikazio gehienak jatorri fidagarrietatik datoz. Ez da hain normala edozein aplikazio deskargatu eta instalatzea. Normalean Ubuntu bertatik deskargatzen dira aplikazioak. Apple Store edo Google Play-ren antzeko sistema bat dauka Ubuntuk.
Egin gabeko eguneraketen arazoa
Aldiz, azken erasoan gertatu denak erakutsi du arazo hauek saihesteko tresna eraginkorrena eguneraketa azkarrak direla, eta hor ere alde nabarmena dago bi sistemen artean. Ikusi besterik ez dago nola erabiltzaile gehienek ez dute Windows eguneratzeko "lanik hartzen".
- Ubuntu sistema baten eguneraketen erritmoa izugarria da. Egunero eguneratzen dira hainbat pakete modu ia gardenean, askotan erabiltzailea konturatu ere gabe. Hori dela eta, segurtasun zulo bat agertzen denean oso azkar aplikatzen da partxea Linux edo Ubuntu sistema guztietan.
- Microsoften eguneraketa sistema eskasa da, benetan eskasa. Momentu desegokietan aktibatzen dira eguneraketak (portatila itzali eta etxera joateko puntuan zaudenean, edo jendaurrean aurkezpen bat egitera zoazenean adibidez), eguneraketak egiten luze ematen du eta gainera ordenagailua blokeatuta gelditzen da bitartean. Gainera, ordenagailua zuk baimenik eman gabe berrabiarazten du, irekita zeneukan lana galtzeko arriskuarekin. Hau dela eta, Windows erabiltzaileek normalean ez dituzte eguneraketak onartzen sistemak baimena eskatzen dionean. Kultura desberdin bat da.
- Gainera, Windows sistema Linux baino monolitikoagoa da, osagai desberdinak elkar lotuta daude eta aldaketa batek beste 8 aldaketa eragiten ditu. Linuxen garapen sistemagatik, eguneraketa gehienek fitxategi gutxi batzuk eragiten dituzte eta modu independientean egin daitezke, gu lanean gabiltzan bitartean.
- Erabiltzaile askok Windowsen bertsio piratak instalatzen duenez, gero ez du eguneraketak jasotzeko eskubiderik. (Ordenagailua erostean ziurrenez kopia legala zuen, baina gero sistema kakaztutakoan "lagun informatikaria batek "formateatu" zion ordenagailua)
Egongo dira argudio gehiago, baina horiek bururatu zaizkigunak.
Eta wannacry ramsonware delako hori ezin da linux sistema eragilean exekutatu.
Jasota eta klik eginda ere, linux sisteman ez da martxan jartzen. Birus eta enparau gehienekin gertatzen den bezalaxe.